2018-06-18 11:26
Lan Ikuskaritzak ebatzi du EDE Taldeak hiru arau-hauste oso larri eta beste bat, larria , egin dituela, lan-harremanen arloan, eta diru-zehapen handiak ezartzeko modukoak direla. EDE Taldea Bizkaiko hirugarren sektoreko erakunderik handienetakoa da (EDE Fundazioak, Suspergintza Elkarteak y St3 Elkarteak osatzen dute).

Orain dela egun gutxi jasotako Ikuskaritzaren txostenaren arabera frogatutzat jo dira hiru gertakari garrantzitsu hauek:

  1. EDE Taldea enpresa-talde bat da, eta talde bati dagozkion ezaugarri guztiak biltzen dituela.

  2. EDE Talde ekintza sindikala errepresaliatu du, eta askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea behin eta berriz urratu duela.

  3. EDE Taldeak ez du bete Eskuhartze Sozialaren Hitzarmena, eta ez-betetzeak 2012tik errepikatu dira.

ELAk EDE Taldean duen Atal Sindikalak 2016ko maiatzean jarri zuen salaketa, eta bi urte luzez itxaron behar izan dugu ebazpena jaso arte, baina orain ondo deritzogu emandako ebazpenari. Ebazpenaren kontakizuna 2013ko otsailetik hasten da, orduan egin baitziren hauteskunde sindikalak Suspergintzan, EDEn eta ST3n, eta gaur egun arte luzatu da.

ELAk azpimarratu nahi ditu Lan Ikuskaritzaren txostenean frogatutzat jo diren gertaerak:

trikimailuak, hauteskunde-prozesuetan ELAren partehartzea ekiditeko; atal sindikalak langileekin posta elektronikoz komunikatzeko duen eskubidea ukatzea; soldatak hitzarmenean ezarritakoetatik salbuesteko negoziazioetan prozedura-urraketa ugariak; lan-agintaritzari jakinarazteko izapideetan irregulartasunak; hitzarmena salbuesteko negoziazioetan ELAk ez sinatzeagatik kritikak bidali korporazio-zirkularren bidez (ELAk ez zuen sinatu, besteak beste, soldaten arloko erabakiek atzera-eragina zutelako); enpresako zuzendaritzaren presioak ordezkariei ekintza sindikala baldintzatzeko; eta amaitzeko, enpresaren proposamena nork bere soldata borondatez murrizteko, dohaintza bidez, taldeko zuzendaritzak soldatak murrizteko akordiorik lortzen ez duen kasuetan.

EDE Taldeari 100.000 €-tik gorako isunak ezarri ahal izango dizkiote, zeren ARAU-HAUSTE OSO LARRI bakoitzagatik (erdi-mailan) 12.000 eta 50.000 € bitarteko isuna ezarri diezaiokete, eta izaera larriagagatik 600 eta 1.500 € bitarteko isuna.

Ziurrenik enpresak alegazioak aurkeztuko ditu, isuna gutxitu nahian. Hala ere, isuna zenbatekoa izango den gorabehera, ELAren helburua lortu da, Eskuhartze Sozialaren Hitzarmen Kolektiboa berehaka betetzeko errekerimendua egin baitzaio, batez ere, orain arte bete gabe utzi dituen puntuei dagokienez. Gainera ohartarazi zaio enpresari, betebehar hori bete ezean, arau-hauste larria izango zela, eta berrerortze astungarritzat hartuko zela.

Erabateko txosten hori eta guzti, EDE Taldeak lehengo moduan jokatuko balu berriro, demanda bat jarriko genuke epaitegian artez, eskubide-babes eske, kalte-galeren ordaina erreklamatuz.

EDE Taldea eskuhartze sozialaren inguruko enpresez osaturiko talde bat da. Enpresa partaideak hauek dira: EDE Fundazioa, Suspergintza Elkartea, ST3 eta Suspertu. Plantilla osoa 250 langiletik gorakoa da, eta Patronatuko Batzako burua Javier Vitoria izan da, elizbarrutiaren izenean, eta orain Jon Mancisidor da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.