2020-04-15 15:46
Tubacexen gertatutakoak erakusten du, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritza ez dela tresna erreala eta eraginkorra Covid 19ko krisi honetan langileen osasuna bermatzeari begira; bere lehentasuna erantzukizunak bere gain ez hartzea da, eta, ondorioz, lan-osasunean arauak betetzen ez dituzten enpresei enbarazurik ez egitea.

Apirilaren 2an, Tubacexeko Enpresa Batzordeak salaketa bat aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan, enpresako zuzendaritzak jarduerari berriz ekiteko agindu zuela eta; Enpresa Batzordearen iritziz, hori ez zegoen Legearekin bat eta ez ziren betetzen kutsatzeak saihesteko gutxieneko segurtasun-arauak. Salaketan gehitu zen plantillako 28 kide berrogeialdian zeudela, eta beste 60 isolamendu egoeran.

Apirilaren 2tik 8ra arte, Enprea Batzordeak ez du informaziorik izan Lan Ikuskaritzaren jarduketei buruz. Apirilaren 8an, Batzordeak Lan Ikuskaritzaren ebazpena jaso zuen; horren arabera, Covid-19ren aurkako babesari buruzko ohartarazpen batzuk egin zizkion enpresari. Hortik aurrera, eta beteko ez balira, ebazpenak berak nabarmentzen du Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioari eskatu beharko litzaiokeela osasun-arrisku larriko kasuetan lantegiaren jarduera eteteko aukera baloratu ahal izan zezaten.

ELAk berriz ere egiaztatu du Lan Ikuskaritzak ez duela borondaterik (EAEko beste administrazio autonomiko batzuei ere helaraz dakieke) benetako tresna eraginkorra izateko Covid 19 krisi honetan plantillen osasuna bermatzeko. Ez da onargarria Lan Ikuskaritzak ia modu berean jardutea, aurreko salaketa batean ez baitzien jaramonik egin Enpresa Batzordearen eskaerei.

Salaketa aurkeztu zenetik, Ikuskaritzako inor ez da jarri harremanetan Enpresa Batzordearekin Tubacexen egoeraz interesatzeko. Ikuskatzaile bakar batek ere ez du Laudioko eta Amurrioko lantegietara egindako bisitarik ezagutzen. Eta orain, Batzordeak Ikuskaritzaren jarduketa eskatu eta 6 egunera gaude, ohartarazpen batzuekin, eta Ikuskaritzak berak ere ez du adierazten ohartarazpen horiek gauzatzeko eskumenik duenik.

ELAk salatzen du Eusko Jaurlaritzak, Lan Ikuskaritzaren bidez, Tubacexen berriz ere erakutsi duela ez dela gobernu eraginkorra langileen osasuna eta, ondorioz, gizartearena oro har babesteko. Bere lehentasuna, tamalez, erantzukizunak bere gain ez hartzea da, eta ondorioz, lan osasunean arauak betetzen ez dituzten enpresei enbarazurik ez egitea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.