2019-02-05 11:44
Eusko Jaurlaritzak familien gain ezarri nahi du eskoletako jangelen administrazio lanaren zama eta kolokan jartzen ditu ehunka langileren lanpostu eta lan-baldintzak. ELArentzat beharrezkoa da jangelen kudeaketa eredua aldatzea. Elikadura burujabetza eta elikadura osasuntsua jangela ereduaren ardatz izan behar dute. Agroekologian oinarrituriko bertako eta kalitatezko elikagaiak behar ditugu, ingurumena babestu, bertako ekonomia bultzatuko eta menu osasungarriak osatzen lagunduko digutenak.

Berriki entzun dugu Hezkuntza Sailak jangela ereduan aldaketak ezarri nahi dituela jangelaren kudeaketa osoa ikasleen familia elkarteen esku uzteko aukera irekiz.

Lehenik eta behin, gogora ekarri behar da gaur egun arte indarrean dagoen jangela eredua gobernuak ezarritako 2000ko martxoaren 20 Aginduaren ondorio dela. Bertan, jaurlaritzak jangelen gaineko kudeaketa ardura gainetik kendu, ikastetxeen autonomia eta erabakitze ahalmena murriztu eta katering enpresa handien negozioa indartzen duen jangela eredua ezartzen du. Eredu honek ez du bermatu ikastetxeek eta ikasle familiek jangela ereduaren inguruan erabakitzeko izan beharko luketen aukera, ez elikagaien kalitatea eta elikadura osasuntsua izatea, ez bertako elikagaietan oinarrituriko hornidura, ezta ikastetxeetako jangeletan parte-hartzen duten langile ezberdinen lanpostuak mantentzea eta lan-baldintzen duinak izatea. Behin eta berriro salatu moduan, jangela eredu hau ELAk defendatzen duenaren guztiz aurkakoa da.

Hau gutxi balitz, azken urteetan katering enpresa hauetariko askok iruzur nabaria egin dute. EAEko ikastetxe publikoetako jantokietan zerbitzua eskaintzen duten 8 katering enpresei (Eurest, Auzo Lagun, Gasca, Gastronomía Vasca, Tamar, Magui eta Goñi) 18 milioi eurotako isuna jarri die Lehiaren Agintaritzak prezioak manipulatu eta azken urteetako esleipenetan lehia desitxuratu dutelako. Euskadiko Lehia Epaitegiaren arabera 10 urtean zehar 80 milioiko gaingastua ordaindu dute familiek eta diru publikoek. Hau, ordea, ez da arazo izan gobernuarentzat hurrengo kurtsoetan berriro enpresa berdinei jangela zerbitzuak esleitzeko. Deigarria da Jaurlaritzak iruzurra azaleratu zuen enpresari zerbitzu gehiagorik esleitu ez izana.

Ikasle familia elkarte, sindikatu eta eragile sozial ezberdinek eredu hau salatu eta bestelako eredu baten aldarrikatu izanak Jaurlaritza mugi araztera eraman du. Eginiko prozesua, kudeaketa eta harturiko erabakia, ordea, negargarriak izan dira.

2017ko abenduan, Jaurlaritzak Jangela Ereduaren inguruko Batzordea osatu zuen. Batzorde horretan, alabaina, ikasle familia elkarteez gain, sindikatu bakarrak hartu du parte, LAB sindikatuak, alegia. Behin eta berriro salatu arren, ELA sindikatuari eta beste edozein sindikatu edo eragileri parte-hartzeko betoa ezarri zaio. Gainera, bertan hitz egindakoaren informazioa eta aktak ukatu egin zaizkigu. Nabarmenak dira, beste behin ere, prozesu honek izan dituen parte-hartze gabeziak eta gardentasun falta.

Urtarrilaren 10ean, prentsa bidez jakin genuen Eusko Jaurlaritzak eskola jangelak ikasle familia elkarteen bidez zuzenean kudeatzeko aukera zabaltzeko asmoa zuela (langileen kontrataziotik hasi, elikagaien erosketarekin jarraitu eta jangelen erabateko kudeaketaraino). Erabaki honek, bere erabateko desadostasuna adierazi duten ikasle familia elkarte eta eragileekiko mespretxua agerian uzteaz gain, onartezina, antidemokratikoa eta langileen eta hauen ordezkarien eskubideen kontrako jarrera adierazten du. Izan ere, erabaki honen ondorioak pairatuko dituzten langileen negoziazio mahaietan ez baita honen inguruko inolako hausnarketa eta negoziaziorik eman.

Bestalde, agindu honek ezartzen dituen baldintzak betetzea eta burokrazia lanak ia ezinezkoak dira ikasle familia elkarte gehienentzat, ez baitaukate ez ezagutza, ez baliabide ezta denborarik ere kudeaketa honek eskatzen duena betetzeko. Horrelako kudeaketak eskatzen duena ia soilik jaurlaritzaren edo enpresa handien esku dago. Ezin da ahaztu, eskola jantokiak zerbitzu publikoak direla eta bere antolakuntza eta kudeaketa administrazio publikoaren ardura dela. Honek ezin du utzikeriaz jokatu eta ardura osoa familiengan eta hauen militantziaren gainean ezarri.

Hau honela, elementu guztiek pentsa arazten digute aginduaren helburua egoera bere horretan mantentzea dela, ereduaren aldaketa egin nahi duten ikastetxeen saiakera ia ezinezko egitea. Hau da, ezinbestekoa den eta eragile ezberdinek aldarrikatzen dugun norabidean aurrerapausorik ez egitea eta sektorearen pribatizazioan sakontzea.

Gainera, ELA oso kezkaturik dago harturiko erabakiarekin langileen lanpostuak beraiek eta lan-baldintzak arriskuan jartzen direlako. Bai Hezkuntza Sailarentzat zuzenean lan egiten dutenentzat baita azpikontrataturiko enpresetan lan egiten dutenentzat ere. Gaur egun eskoletako jangeletan langile publiko moduan lan egiten duten %10a bera ere pribatizatzeko bide berri bat irekitzen da. Eta azpikontrataturiko enpresetan lan egiten duten langileen lanpostuak eta lan-baldintzak ere arriskuan jartzen dira. Urte luzeetako borroka eta lorpenak bertan behera utziz eta kolektibo ezberdinetan azken urteetan eginiko aldarrikapen eta borrokei muzin eginez.

Enplegua mantentzea eta lan baldintza duinetan aritzea beti izan dira marra gorriak ELArentzat, eta hala izaten jarraituko dute balizko eredu aldaketa batean ere. Balizko eredu aldaketa batean, sindikatuarentzat ezinbestekoa da lanpostuen eta lan-baldintzen kalitatea eta bermea. ELAk inola ere ez du Jaurlaritzak egin duena moduko proposamenik babestuko, egun lan hauetan ari diren langileen lanpostuak eta lan-baldintzak mantentzen edo hobetzen ez badira. Jaurlaritzaren menpe dauden sukaldeko langileak bere lanpostuetan eta lan-baldintza onetan mantentzea ezinbestekoa da ELArentzat eta lan-kargak handitzen badira ratioen hobetzea. Modu berean, azpikontrataturiko langileen lanpostuak eta lan-baldintzak mantentzea ere derrigorrezko jotzen dugu (langileen subrogazioa eta momentuko hitzarmena mantentzea) eta etorkizunean kudeaketan aldaketarik balego egoera mantentzea (langileen subrogazioa eta momentuko hitzarmena mantentzea).

ELArentzat beharrezkoa da jangelen kudeaketa eredua aldatzea. Elikadura burujabetza eta elikadura osasuntsua jangela ereduaren ardatz izan behar dute. Agroekologian oinarrituriko bertako eta kalitatezko elikagaiak behar ditugu, ingurumena babestu, bertako ekonomia bultzatuko eta menu osasungarriak osatzen lagunduko digutenak.

Honekin batera eta balio hauek ardatz hartuta eskoletako sukalde eta jantokiak garrantzi handiko heziketa espazio bilaka ditzakegu (besteak beste, hezkidetza, euskalduntze eta aniztasun irizpideen baitan). Bazkaltzea eta jangela denboran ematen diren bestelako jarduerak ere, zaintza, jolasak edo txikienen loa, esaterako, modu pedagogikoan lantzeko pausoak eman eta baldintzak jarri behar dira.

Honek guztiak, lanpostuak mantendu edo handitu eta lan-badintzak egokitzea eta hobetzea dakar berarekin. Sukaldarien garbiketa eta prestaketa behar berriak aztertu eta baliabideak handitu, jangela eta zaintza ratioak hobetu eta, oro har, plantillak handitu. Eredu aldaketa honek eskatzen dituen baliabide gehigarriek aurrekontuetan isla garbia izan behar dute, horretarako dotazioak handituz.

ELAren ustez, ikastetxe bakoitzak jangelaren kudeaketa eredua aukeratzeko autonomia izan behar du. Eta aukeratzen den kudeaketa eredua edozein izanda ere, elikadura burujabetza, osasungarria eta kalitatezkoa izatearen premia eta langileen lan baldintzak errespetatuak izan behar dira eta jangelan egiten diren lan ezberdinen profesionalizaziorako apustua garbia behar da.

Arrazoi hauengatik guztiengatik ELAk eskola jangelen kudeaketa arautzen duen Agindua eta eskola jantokien zerbitzua kontratatzeko plegu teknikoak eta klausulak aldatzea exijitzen jarraitzen du eta sistema berria nolakoa izan behar den eta jangelek jarraitu beharreko irizpideak erabakitzeko benetako eztabaida eta negoziazio publikoa zabaltzea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.