2019-04-05 13:24
Jendea antolatzea baina gauza iraultzaileagorik ez dagoela azpimarratu zuen Mitxel Lakuntzak idazkari nagusi gisan egindako lehen hitzaldian.

MITXEL LAKUNTZAREN HITZALDIA, OSORIK

1976. urteko abuztuan ELAk bere birfundazioaren Kongresua egin zuen; 40 urtez legez kanpo egon ostean, hitzordu horrek egungo ELAren oinarriak jarri zituen. Urte horretan bertan jaio zen sindikatuaren idazkari nagusi berria, Mitxel Lakuntza iruindarra. “Han jarritako oinarri sendo haiek inoiz baina biziago daude; horrela izan dadin urte askotarako arduraren zama horrekin aurrera egiteko asmoa dugu”. Hala nabarmendu zuen behintzat Lakuntzak idazkari nagusi bezala egindako lehen hitzaldian.

Hori bai, karguaren eta izenen gainetik, argi utzi nahi izan zuen ELA proiektu kolektiboa dela, zuzendaritzatik hasita. Horregatik Kongresuan parte hartu zuten ordezkarien aldetik jasotako babes zabala eskertu zuen. “Talde bat aukeratu duzue dauzkagun erronkei erantzuteko, baina esango nuke ez dela hori garrantzitsuena. Nekez egingo luke edozein zuzendaritzak aurrera ELAk urteetan lortutako sendotasuna kontutan hartu gabe”.

Helburu horretarako sindikatuak dituen oinarri sendoak aipatu zituen, “ELAren sekretua” bezala definitu zituen oinarriak. “Konfederazioaren indarra, afiliazioaren garrantzia, antolatzeko beharra, greba kutxa eta, batez ere, gure autonomiaren balioa. Guzti honi esker du sindikatu honek duen kohesio eta batasuna”.

“Militantzia da gure indarra”

Hogeita hiru urte zituela afiliatu zen Lakuntza ELAn. Artean Gamesa enpresako langilea zen. “Banekien sindikatu borrokalaria zela, sindikatu abertzalea ere bai, baina gerora ohartu nintzen beharbada gauza inportanteenaz, autonomiaren balioaz”.

Bera bezala, milaka dira –100.000tik gora– ELAn afiliatuta dauden lagunak. “Hori da gure indarra: militantzia. Militantzia sortzen da kontzientzia pizten denean, proiektu baten parte hartzea erabakitzen denean. Sindikatua tresna bat besterik ez da, oso indartsua izan daitekeena, baina ez dena erabilgarria militantziaren indarrik gabe”.

Kapitalismoaren gorakada eta oldarraldia

Abagune sindikal, sozial, politiko eta ekonomikoaren inguruko hausnarketa sakona egiteko tartea ere hartu zuen Lakuntzak. “Aurrean duguna ez da samurra. Kapitalismoaren gorakada eta oldarraldi bat bizi dugu. Mundu mailan ematen den errealitate bat da. Elite enpresarial, ekonomiko, mediatiko eta politikoen erasoa da, eta helburu bat du: jende gehiena pobretzea gutxi batzuk aberasteko. Helburua hori bada, aberastasunaren aldeko borroka baina gehiago bihurtu da hau. Egunetik egunera kapitalismoaren bertsiorik bortitzena ikusten ari gara: gerrak, migrazioak, gosea edo planetaren beroketa”.

Eskuin muturraren hedatzea dela-eta bere kezka azaldu zuen. “Historiak agerian uzten duen bezala kapitalismoaren tresna eta aurpegirik basatiena suposatzen du horrek. Gatazka horizontala bilatzen du eskuin muturrak, arrazismoa, matxismoa edo homofobiaren bitartez, gatazka bertikala bilatu ordez: eliteen, bankuen, multinazionalen aurkakoa, kasu”.

“Gu sistema eta ideologia baten aurka borrokatzen ari gara. Neoliberalismoa eta bere agenda dira gure etsaiak. Gure bizitzak kapitalaren kontra ari dira lehiatzen”.

Euskal Herrian agenda neoliberala ere indarrean dagoela salatu zuen idazkari nagusi berriak. Horretarako lan munduan gertatzen ari dena ikusi besterik ez dagoela aipatu zuen. Uneotan indarrean dauden gatazka ezberdinak errepasatu zituen, bi ardatz azpimarratuz: prekarietatearen aurkako borroka eta grebaren balioa.

“Gure lehentasuna prekarietateari aurre egitea da. Eta horretarako ezinbestekoa da sindikatu osoaren inplikazioa. Lan militantea da hau, zalantzarik gabe: jendearekin egon, afiliatuak zaindu, konbentzitu, animatu... Eta bide honetan grebaren balioa azpimarratu behar dugu. Greba ezinbestekoa da prekarietateari aurre egiteko. Grebek lan baldintzak hobetzeko balio dute; batu eta ahaldundu egiten gaitu; beste langileentzat erreferentzia dira...”

Politika publikoak, interes pribatuak

Hego Euskal Herriko administrazio publikoen jarduna ere kritikatu zuen Lakuntzak, arlo sozialean egiten diren politika publikoak interes ekonomiko eta patronalen mesedetan eginak daudela aipatuz.

“Ez dezagun pentsatu dena Madrilen errua denik. Gure gobernuen esku dauden zenbait gauza ez dira egiten ari: ez da fiskalitatea ukitu nahi, eta, beraz, ez dago beharrezkoa dugun inbertsio publikoa egiteko beharrezkoa den dirua biltzeko borondaterik. Gastu sozialean, makina bat aldiz aipatu izan dugun bezala, oso atzean gaude Europar Batasunaren bataz-bestekoarekin alderatuz”.

Aliantzak eta sindikatu feminista

Sindikatuak dituen erronka hauei aurre egiteko aliantza sindikal, sozial eta nazionalen beharra aipatu zuen Lakuntzak. “Estrategia partekatzea gustatuko litzaiguke, indar handiagoa edukitzeko, eta horretarako helburuak partekatu behar dira. Hori bai, oinarri batekin: grebaren balioa konpartitu behar da, autonomia sindikalaren garrantzia aitortuz”.

Bere parte-hartzea amaitzeko ELA sindikatu feminista izatearen garrantziaren balioa aipatu zuen. “Gure borroka diskriminazioaren aurkakoa da, desberdintasunen aurkakoa. Antolatzea erabakitzen duten emakumeentzako ELA da tresnarik eraginkorrena”.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.