2019-12-16 12:43
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, eta `Lana, pentsioak, bizitza, aurrekontu duinak. Urtarrilaren 30ean, greba orokorra´ lelopean, milaka lagunek manifestazioa egin dute Gasteizko kaleetan Eusko Jaurlaritzak 2020rako prestatu dituen aurrekontuen aurka. Bihar onartuko dituzte aurrekontuak. Aurretik, Iradier Arenan mitin bat izan da, eta bertan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, eta Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak hartu dute hitza. Manifestazioa abiatu baino lehen mitina izan da. Bertan hitza hartu dute Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk, ELAko eta LABeko idazkari nagusiek hurrenez hurren, eta ESK, STEILAS sindikatuetako zein gizarte mugimenduetako eta pentsiodunen mugimenderako hainbat kidek.

Lakuntzaren hitzetan, aurrekontu horiek "ez dira ez berdeak, ez moreak, ezta sozialak ere; duela bi urte PPrekin onartu ziren ia berberak dira". Horregatik, gogor salatu du Podemosek, Equok eta Eusko Jaurlaritzak lortutako akordioa, izaera neoliberala eta antisoziala duten aurrekontuak onartzea ahalbidetuko dutelako. “Podemosek eta Equok orain arte kritikatzen zituzten aurrekontuetako zenbait marra onartu dituzte orain. Bat-batean iritziz aldatu dute, aurrekontuen proiektuan aldaketa bat egitearen truke: aurrekontuen proiektua 88,9 milioi eurotan aldatzea, hau da, aurrekontu osoaren %0,7 aldatzeagatik. Ez da zalantzan jartzen gastu araua, erabat eskuindarra dena. Arau horren ondorioz aurrekontuak ezin dira handitu, eta ondorioz, ez da diru gehiago bideratzen behar sozialak asetzera”, azaldu du. Gehitu duenez, “halako akordioetara iristen direnean argi geratzen da ezkerra politikoak abandonatu gaituela eta jendea nahasten duela”.

Lakuntzaren esanetan, aurrekontu horiek ez dute planteatzen "herri honetako pentsiodunentzako neurririk, prekaritatearen aurkako edo soldata arrakalaren aurkako neurririk, ezta alokairuak jaisteko edo zerbitzu publikoak hobetzeko neurririk ere. "Ez dute ezer aldatu nahi". Hori dela eta argi utzi du aurrekontu hauek urtarrilaren 30eko greba orokorrerako arrazoi bat gehiago direla.

Datorren urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira, ELAko idazkari nagusiak azaldu duenez, “greba deitu genuen beste modu batera posible ez diren lorpenak daudelako. Greba batek ahotsa ematen digu, ikusgarriago egiten gaitu, gure aldarrikapenak agenda politikoan kokatzen ditu".

Ildo horretan, Mitxel Lakuntzak berretsi du, nahiz eta ukatu, greba orokorrak zuzenean interpelatzen dituela gobernua eta euskal patronalak. "Eusko Jaurlaritzak asko egin dezake alor askotan: pentsioak, soldatak, etxebizitza, DSBE... baina ez du nahi. Patronalak, bere aldetik, ziurtatzen du gure bizi-maila ia ezin hobea dela... Ba esan diezaiotela kontratu partzialak dituzten milaka langileei, bi edo hiru enplegurekin ere pobreetatik ateratzen ez direnei, urtean Osakidetzan lan egiteko 200 kontratu sinarazten dizkietenei, edo Anoeta edo AHT bezalako obra publikoetako azpikontratetako langileei, esklabotzatik hurbilago dauden baldintzekin, gutxieneko baldintzak dituen enplegu batera baino ".

Azkenik, ELAko idazkari nagusiak greba horren beharra eta arrazoiak gizarteratzeko deia egin die bertaratutakoei, urtarrilaren 30eko greba orokorra lan, pentsio eta bizitza duin baten aldeko aldarria izan dadin.

Abenduak 17, 11:00etan, elkarretaratzea Legebiltzarraren aurrean

Abenduaren 17an, EAEko 2020rako aurrekontuak onartuko dituzte Legebiltzarrean. Aurrekontu antisozial eta neoliberal hauei gaitzespena adierazteko, Gutun Sozialak elkarretaratzea deitu du goizeko 11etan Eusko Legebiltzarraren aurrean.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.