2020-10-01 18:10
Langileen egoera jasanezina dela salatu dute, langile gutxi daudelako eta pandemiaren ondoriozko lan-gainkarga dagoelako. Ondorioz, ezinezkoa da egoiliarrek behar duten osasun-arreta eskaintzea. Hilabeteak daramatzate hori salatzen, eta orain, pandemiaren bigarren olatuan, egoera okertu besterik ez da egin.

LAB, ELA, UGT, CCOO eta SATSEk Birjinetxeko langileek pairatzen duten egoera "jasanezina" salatu dute. Birjinetxe Bizkaiko Foru Aldundiko koronabirus infekzio kasuak artatzeaz arduratzen den unitate soziosanitarioa da. "Hilabete asko dira baldintza txarretan lan egiten, eta, gainera, hilabete horietan ez da beti beharrezko babes-materiala erabili, ezta beharrezko higiene neurriak ere", deitoratu dute.

Zerbitzu publiko duina eskaintzea bermatzen duten zereginak eta funtzioak murriztearen kontra agertu dira. Horregatik, plantilla handitzea eskatzen dute, ahalik eta baldintza onenetan lan egin ahal izateko.

Errefortzu horiek iristen ez diren bitartean, mobilizazioak ez dituzte etengo, eta urriaren 2an, 14:00etan, zentroaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.