2018-09-25 15:49
ELAk ezinbestekotzat jotzen du La Navalen iraupenaren alde borrokatzea. Ontziolaren oraingo egoerak kinka larrian jartzen ditu milaka langileren oraingo eta geroko lanpostuak. Alde horretatik azpimarratu nahi dugu La Navalek, lan-karga egokia edukiz gero, 2000tik gora lanpostu sortzen dituela inguruko enpresa hornitzaileetan. Langile horien etorkizunak ere berebiziko kezkak sortzen dizkigu.

SEPIren, CCOOen eta UGTren artean izenpeturiko akordioa zela-eta, ELAren Metaleko Federazioak 2005/01/27an hurrengo gogoeta hauek plazaratu zituen:

"Ez dago industria-planik Sestaoko ontziola gerora begira bideratzeko, ez baitira finkatu beharrizanak —finantza, antolamendu eta plantillaren arlokoak—, etorkizunerako nahi den itsasontzigintza-motara jarduera moldatzearren".

"ELAren iritziz ontziola kontrol publikoaren pean egotea ezinbestekoa izango da, La Navali interesatzen zaizkion merkatuetara iritsi ahal izateko".

"Ontziola pribatizatuz gero, ez dago jakiterik akziodunek jarduera jarraitzearen aldeko apusturik egingo ote duten, baliteke epe ertainera enpresa ixtea".

Oraingo zuzendaritzak egin duen likidazio-eskaeraren aurrean, ELAk hurrengo adierazpenak egiten ditu:

  • La Navalen narriadura aspalditik datorren prozesu baten ondoriozkoa izan da. Batzuetan gezurrak esan dituzte, besteetan sekula beteko ez ziren xedeak hitzeman dituzte bai enpresarien aldetik, bai lehen mailako arduradun politikoen aldetik. Puntu honetan gogoratu beharrekoak dira garai hartako Espainiako gobernuko presidente Zapaterok hitzeman zuena: "ontziolak salbatuko ditugu". La Naval bezalako ontziola batentzat ezinbestekoa da proiektuak baldintza egokietan finantzatu ahal izatea. Sostengu publikorik izan gabe, pribatizazioak bide txarretik eraman behar zuen ontziola halabeharrez.
  • ELAk ezinbestekotzat jotzen du La Navalen iraupenaren alde borrokatzea. Ontziolaren oraingo egoerak kinka larrian jartzen ditu milaka langileren oraingo eta geroko lanpostuak. Alde horretatik azpimarratu nahi dugu La Navalek, lan-karga egokia edukiz gero, 2000tik gora lanpostu sortzen dituela inguruko enpresa hornitzaileetan. Langile horien etorkizunak ere berebiziko kezkak sortzen dizkigu.
  • Enpresaren oraingo arduradunak (Ingeteam eta Astilleros Murueta) enpresa kaudimendunak dira, eta dagozkien erantzukizunak berenganatu behar dituzte. Likidazio-eskaera egitera bultzatu duten arrazoiak xehetasunez ezagutu behar ditugu.
  • Ezkerraldeko herritarrak, bereziki, eta Euskal Herriko jendea, orokorrean, bultzatzen ditugu Arantza Tapia sailburuaren lana aztertzera. Azken urteotan erreferentzia izandako enpresen itxiera traumatikoa ikusi ahal izan ditugu; eta sailburuak ederki asmatu du hedabideen aurrean eromenezko jarduera egiten, arreta arazoaren muinetik desbideratzeko, baina inoiz ez konponbiderik emateko.
  • ELArentzat geldiarazi behar dugu abian den desindustrializazio-prozesua, La Navalen etorkizuna estrategikoa da gure herriarentzat.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.