2018-03-22 12:01

Aurrezki-kutxen bankarizazio prozesua hasi zenetik Kutxabankek zuzeneko 1.800 lanpostu suntsitu ditu. Gainera, geratzen direnentzat lan-baldintzak zeharo hondatu dira: bulego itxierak, lan-karga handiegiak, lurralde batetik besterako lekualdatzeak eta bezeroei ematen zaien zerbitzu gero eta okerragoa. Gainera, ELAk salatu zuenez, azken lan-hitzarmena sinatu zenean soldata-eskala berri bat ezarri zen behargin gazteenentzat. Orain Kutxabankek erabaki du enpleguaren gainbeherako joera honetan beste maila bat igotzea, esplotazio formularik baldarrena ezarriz: zerbitzuak enpresa piratengan uztea, hauen helburu bakarra delarik dirua irabaztea, horretarako soldata-kostuak jaisten dituztelarik. Hoteletako gelak garbitzen dituzten “Kelly”ekin gertatzen dena, baina oraingoan banku batean.

Kutxabankek “outsourcing”era jo du aurten errenta aitorpen zerbitzua emateko; bankuan lan hau egingo dutenek hilean iaz baino 400 euro gutxiago jasoko dute.

Estrategia hau Negozioaren Garapen Planaren baitan dator, zeina 2015ean aurkeztu eta 2019an amaitzea espero duten. Plan horren xede bakarra, enplegua suntsitzen eta prekarizatzen jarraitzea: horretarako aplikatzen dira hainbat neurri (esternalizazioa, azpikontratazioa, pizgarrien bidezko bajak, kontratuen aldi baterako eteteak eta lanaldi murrizketak).

ELAren ustez Kutxabanken gertatzen ari dena oso larria da. Gogoratu beharra dago entitatearen akziodun nagusia BBK Fundazioa dela (honek, Kutxa eta Vitaleko fundazioekin batera, %100 dauka bere esku), eta berau gidatzen duen patronatuko kideak alderdi politikoek izendatzen dituzte; gehiengoa EAJk eta PSE-EEk dute. Eurek erabakitzen dute Kutxabanken oraina eta geroa eta, horrenbestez, euren ardura da enpleguaren suntsipena, lan-baldintzen gainbehera eta langileak esplotatzeko formulak erabiltzea.

Duela gutxi entzun ditugu aipatutako alderdietako ordezkariak pentsio duinak eskatzen eta pentsioak hobetzeko neurriak galdegiten, kontuak eurekin zerikusirik izango ez balu bezala, ardura beste batzurena bailitzan. Haatik, kotizazioak eurek ezartzen dituzten soldata negargarrien araberakoak dira, eta egungo kotizazioek sostengatzen dute pentsio-sistema. Beraz, ELAk exijitzen du ez daitezela beste aldera begira jarri: Kutxabanken hartzen ari diren erabakiek dakarte pentsiodunek zahar-sari gero eta urriagoak jasotzea.

ELAk bilera eskatu die Kutxabankeko eta BBK Fundazioko arduradunei galdegiteko erabaki hau bertan behera utz dezatela.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.