ELAren ustez akordio horren bidez enpresak nahi zuena lortu du: Kutxabank-eko 50 bulegotan arratsaldeetan irekitzeko aukera, astelehenetik ostegunera eta urritik maiatzera. Horren trukean diru-konpentsazio bat itundu dute bulego horietako enplegatuentzat, eta %0,75eko soldata-igoera bat plantilla osoarentzat 2019an, eta akordioaren jarraipenerako batzorde batzuk sortzea (akordio-sinatzaileak bakarrik izango dira batzordekide). Akordio hori enplegatuen lan-bizitza eta familia-bizitzaren kontziliaziorako oztopo izango dela dio ELAk.
Hori dela eta, irmo gaitzetsi du akordio hori, langileentzako beste helburu garrantzitsu batzuk lortzea trabatuko duelakoan, besteak beste, hitzarmenaren aplikazioa bermatzea, langileentzat hain kaltegarria izan den mugikortasun geografikoa ezabatzea edo berdintasun-plan berri bat, eraginkorragoa, negoziatzea. ELAk “etorkizun iluna” ikusten du Kutxabanken III hitzarmenerako, enpresa honetako negoziazio-dinamikak aldatzen ez badira, behintzat.