2019-09-20 14:16
Irailaren 20tik 27ra klima aldaketaren aurkako mobilizazioak deitu ditu Global Climate Strike ekimenak. Deialdi honen baitan ELAk eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak formazio jardunaldia antolatu dute Bilbon. Jardunaldiaren ostean manifestazio bat egin da Iberdrolaren dorrea arte; bertan multinazional honen jarduna salatu da.

Bi izan dira jardunaldian hitz egin duten gonbidatuak: Pablo Cotarelo eta Walter Actis. Eurekin ELAko ingurumen saileko bi ordezkari egon dira: Ainara Plazaola eta Janire Landaluze. Jardunaldian ELAk CADTM eta EreNSEP-rekin elkarlanean landutako manifestua aurkeztu dute.

Pablo Cotarelok energiaren eta ingurugiroaren inguruan hitz egitearen garrantziaz aritu da. “Energia gizartearentzat eta odola gorputzarentzat parekideak dira. Gizartea oso merkeak eta moldagarriak izan diren energia batzuetara lotuta egon da: ikatza eta petrolioa. Kontua da energia horiek oso zikinak izateaz eta kutsatzeaz gain agortzen ari direla. Beraz, argi dago trantsizio energetiko bat behar dugula”.

Nola egin trantsizio hori? Horretaz hausnartu du Cotarelok. “Energiaren sektorearen inguruko kontrol publikoa behar dugu. Horretarako guztionak diren baliabide komunen inguruko kontrol demokratikoa ezinbestekoa da. Egungo energia eredutik eredu jasangarri baterako trantsizioa egiteko baliabide asko behar dira, eta baliabide ekonomiko horien inguruko kontrol publikoa ere funtsezkoa da. Izan ere, trantsizio honen finantziazioaren inguruko kontrola behar dugu”.

Cotarelok aipatu du energiaren inguruko enpresa handiak jakitun direla trantsizio hau egitearen beharraz, begi-bistakoa baita egungo sistemaren oinarriak diren energia iturriak agortzen ari direla. “Enpresa hauen helburua euren negozio eredua mantentzea da. Berdin zaie planeta suntsitzen jarraitzea, nahi duten bakarra da euren irabaziak mantentzea”.

Klima aldaketaren aurkako borroka baina askoz gehiago dago jokoan

Walter Actisek klima aldaketaren aurka borrokatzearen garrantzia azpimarratu du, baina oso argi utzita hori ez dela nahikoa. “Krisi ekologikoa klima aldaketa baina askoz sakonagoa da. Trantsizio energetikoa behar-beharrezkoa da klima aldaketari aurre egiteko, baina ez da nahikoa. Biodibertsitatea galtzen ari gara, milaka espezia desagertzen ari dira. Betiko adibidea da, baina funtsezkoa: zer gertatuko zen erleak desagertzen badira? Nork polinizatuko du? Honek elikadura-kate guztian ondorio larriak izango lituzke. Akuiferoak sikatzen ari dira. Lurra ere agortzen ari da...”

Egoera honen aurrean Actisek argi du zein den arazoaren muina. “Kapitalismoa etengabeko hazkundean oinarritzen den sistema bat da, eta hori beteraezina da planeta honen muga fisikoekin. Etorkizunean baliabide gutxiagorekin bizi beharko dugu, hori argi dago. Agian hemen ezin izango ditugu Ameriketatik datozen elikagaiak jan, ezin izango direlako garraiatu. Edo, agian, bidai-merkeak desagertu egingo dira. Kontua da nola antolatzen garen. Hori dago gakoa. Eta behetik ez badugu hau antolatzen, goitik inposatuko digute. Eta ziur egon askoz okerragoa izango dela”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.