2018-11-05 16:35
Joan den urriaren 29an, sinatu ziren Madrilen bi akordio, Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan (AGE) lan-bizitza eta familiakoa uztartzeko helburu izan behar zutenak. ELAk ez zuen akordioa izenpetu; izan ere, langileek beren eskubideak berreskuratzea merezi dute, eta baita eskubide horiek zehaztea ere, eskubideen erabilera bermatzearren.

ELAk esana zuen aldez aurretik, akordioak egiteko bileraren aurrekoan, ez zituela sinatuko hasierako zirriborroetan agertzen ziren kasu batzuk mantentzen baziren, eta mantendu direnez ez ditugu akordioak izenpetu.

* Aitatasun-baimena 16 astera luzatzea:

Estatuko Administrazio Orokorrean Genero Berdintasunaren Plan bat onetsi zen 2005. urtean, eta berarekin batera neurri-sorta bat, gaizki eta berandu gauzatu direnak.

- 16 asteko aplikazioa arian-arian gauzatu behar zela ezarri zen, ez berehala, 3 urteko epean. Akordioan ezarri zen, halaber, nola hartu behar diren baimenak. Eta familien ahalmena seme-alaben haziera antolatzeko non geratu da? Eskubide hori erabiltzeko ezarri diren formulak oso zurrunak dira.

- 16 astera luzapen hori Estatuko Aurrekontu Orokorren onespenaren menpean dago.

- AGEk plantilla zaharkitua du. Langileen %43ek 50 urteak eginak dituzte, eta zenbait esparrutan, Gizarte Segurantzan adibidez, %65ak dira 50 urtetik gorakoak. Aitatasun-baimenak amatasunaren baimenekin parekatzea neurri ona izan daiteke, eta bada; baina gure ustez esparru horietan eta oraingo testuinguruan ez da oso erabilia izango. Halaber, baimenak berdintzea bezain garrantzitsua da baimena hartzearen ondorioz hutsik geratzen diren postuak betetzea. Langileek kontziliazio-eskubidea dute jaiotzagatik, adopzioagatik edo harreragatik; baina aldi berean hutsuneak bete behar dira, eta akordioan ez da horretaz ezertxo ere ezarri, ezta aipatu ere.

 Ordu-poltsa bat ezarri da, lanaldiaren %5ekoa, orduak erabili eta hiru hilabetera berreskuratu behar direnak.

- AGEko asteko lanaldia 37,5 ordukoa da. Urruti dago, beraz, Estatuko Administrazio Orokorrean izan beharko zuten 35 orduko lanalditik.

- Ordu horiek ez ziren izan beharko berreskuratu beharrekoak.

- Akordioetan erabateko diskrezionalitatea aitortzen zaio Administrazioari langileek ordu horiek hartzeari dagokionez, beti ere zerbitzu-beharrizanak kontuan hartuz (baina ez dira zehaztu irizpide objektiboak edo zein diren zerbitzu-beharrizan horiek), eta gerora utzi da ezarpen- edo kudeaketa-jarraibideak idaztea.

Labur esateko, ordu-poltsa horren aplikazioari begira, ez da zehaztu irizpide objetiborik akordioetan, eta Administrazioaren edo kasuan kasuko sailaren esku utzi da neurria aplikatzea ala ez.

Akordioen baldintza horiek zentzugabekeria hutsa dira, eta ELAn uste dugu gertatuko dela errelebo-kontratuarekin gertatu dena. AGEn, beste administrazio eta enpresa pribatu batzuetan bezala, badaude arau batzuk plantillak zaharberritzeko; baina AGE ez da haietaz baliatzen, eta eskari guztiak ezestea erabaki zuen bere garaian.

 

AGEko langileek beren eskubideak berreskuratzea merezi dute, eta baita eskubide horiek zehaztea ere, eskubideen erabilera bermatzearren. ELAtik araugintza eta negoziazio ahalmena erreklamatzen dugu Euskal Herriko AGEren esparruko pertsonalarentzat.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.