2019-12-03 13:05
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako langabezia-datuek erakusten dutenez, azaroan 1.006 langabe gutxiago erregistratu ziren aurreko hilabetearekin alderatuta; beraz, 146.193 langabe izan ziren Hego Euskal Herrian.

Urtearteko datuari dagokionez, 8.321 langabe gutxiago daude 2018ko azaroarekin alderatuta. Datuak positiboak ematen duten arren, esan beharra dago, langabe kopurua maiatzetik ez dela murriztu eta 2013tik azaroan izandako jeitsiera txikiena dela.

Langabeen bilakaera Hego Euskal Herrian

 

 

 

 

 

 

Azaroan egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berberak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak, oraingoan, gainera, egindako kontratuak asko murriztu dira. 111.333 kontratu egin dira, urrian baino 32.535 gutxiago; horietatik %92,2 aldi baterakoak izan dira. Horretaz gain, kontratazio mugagabea %25 murriztu da joan den hilabetearekin alderatuta.

Langabeziagatiko babes-sistemari dagokionez, langabezian izena emanda dauden pertsonen %54k ez du langabezia-prestaziorik jaso urrian (78.829). Eta soilik %27,8k kobratu du kotizaziopeko langabezia-prestazioa (40.593 pertsona). Onuradun bakoitzeko batez besteko kotizazio-prestazioaren zenbatekoa 883 eurokoa izan da EAEn, eta 917 eurokoa Nafarroan.

Datu horiek ikusita eta hazkunde ekonomikoaren dezelerazioa egiaztatuta, ELAk inoiz baino beharrezkoa ikusten du prekarietatearen aurkako enplegu politikei ekitea. EAEko aurrekontuen proiektua mahai gainean dago, baina bertan ez dugu neurri zehatzik aurkitzen krisi garaian ezarri den enplegu prekarioari aurre egiteko, eta hazkunde garaian egiturazkoa izaten jarraitzen duena.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.