2018-06-15 10:31
Pozik gaude ustelkeriak azkenean behartu duelako PP Espainiako gobernutik egoztera, baina PSOEk exekutiboa osatzerakoan igorri dituen mezuei erreparatu behar zaie. Batetik, emakumeen presentzia nabarmena da; bestetik, Sanchezek hiru ardatz hartu ditu aintzat: Politika ekonomikorako arduradun gisa ortodoxia neoliberalaren zaindari bat hautatu du, zeina PP eta PSOEk Europarekin adostu zuten. Santander bankuko Ana Botinek eta patronalek txalotu egin dute izendapena.

Lurralde-eztabaidari buruz, berriz, Borrell zentralista porrokatua izendatu du atzerri ministro, eta presidenteordetarako Carmen Calvo, hots, PSOEren aldetik PPrekin 155ren aplikazioa negoziatu zuena. PP eta Ciudadanosekin batera duten Estatu-Itunaren mamia ez da ukitzen: Katalunia eta Euskal Herriari ukatu egiten zaie irtenbide demokratiko bat.

Normalizazio politikoari dagokionez, berriz, Barne ministro Marlaska epailea izendatu du. Honek, besteak, beste, erabaki politikoei zigilu judiziala ezarri die, eta ezikusiarena egin du atxilotuek bere auzitegian torturak salatu dituztenean. Bere izendapena sektorerik erreakzionarioenek oso ondo hartu dute.

Krisiak ikasbide bat utzi digu: kontu bat da gobernuan alderdiak txandakatzea, eta oso bestelakoa, politikak aldatzea. Oso kontutan izan behar da PSOErekin esperientzia luzea dugula, eta badakigu agintean izan denean nola jokatu duen. Ezker alternatiboak hau aintzat hartu behar du: PSOEk gobernua bere gain hartu izana ez da Espainian ziklo politiko berri baten hasiera.

Sanchezen zein aldaera iritsi da, ezustean, Moncloara? 2016an Ciudadanosekin itun neoliberala hitzartu zuen hura, gero Podemosek arbuiatu zuen ituna? Ezker itxura eman nahian itzuli zena, bere alderdikideek idazkaritza nagusitik bota ondoren? Duela gutxi 155aren aplikazioa areagotu eta TV3 interbenitu behar zela zioena?

Hau dena antzezpena da, irudia, posea; alderdien mapan erdigunera itzuli nahia, PSOE erorketa librean baitzegoen. PSOE honek eskuinaren antza handiegia du. Sanchezen Moncloako kabinete burua Ivan Redondo izango da: lehenago PPren aholkulari EAEn eta alderdi bereko Monagorena Extremaduran, berea izan omen zen Garcia Albiol Badalonako alkatetzara eraman zuen kanpaina xenofobo zikina... Esaten dute Redondok bere bezeroei gomendatzen diela diskurtso politikoa eraikitzerakoan ez daitezela saiatu “argudioekin konbentzitzen, baizik emozioei lehentasuna ematen”. Baliteke argudioak alde batera uztea eskuinarentzat erabilgarria izatea jendea engainatzeko, baina ezkerrarenak egin du bide hori hautatuz gero; horregatik etorri da bere porrot estrategikoa. Ezker politikoa beste era batekoa izan behar da.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.