2019-02-05 12:19
Komisaldegi eta eraikin judizialetako garbikuntzako langileek elkarretaratzea egin dute Donostiako Epaitegiaren aurrean Eusko Jaurlaritzak grebaren aurka hartu dituen erabakiak salatzeko; izan ere, aurrez langileak entzun gabe era basatian areagotu ditu zerbitzu minimoak. Epaitegietako langileen elkartasuna jaso dute.

Kale-garbikuntzako langileekin alderatuta jasaten duten soldata arrakala ezabatu dezaten eskatzen dute grebalariek. Komisaldegietako langileekiko %13ko aldea dago euren soldatatan; %7koa eraikin judizialekiko.

Hiru sektoreak Administrazioaren azpikontratak dira, desberdintasun bakarra da kaleko garbikuntzan %80 gizonezkoak direla, eta beste bi sektoretan %95 emakumezkoak.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Segurtasun Sailek aukera ezin hobea dute praktikan jartzeko berdintasunaren alde egiten duten diskurtso politikoa. Egungo legeriak Administrazio Publikoei aukera ematen die kontratazio publikoan diskriminazioei aurre egiteko, generokoak barne, gizarte klausulen bidez. Beraz, bi sektoretan publikatuko diren baldintza orriek badute legearen babesa soldata arrakala ezabatzeko.

Sektoreko langileek 140 egun daramatzate greban esleipendun den Garbialdi enpresak gatazkari behin betiko konponbidea emango dion negoziazio seriorik abian jarri gabe. Horregatik, langile grebalariek mobilizazio hauen bidez exijitzen dute benetan inplikatu daitezela Justizia eta Segurtasun Sailak, batetik, eta Garbialdi, bestetik, garbikuntzako sektorean soldata berdintsasuna lor dadin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.