2020-05-19 17:27
ELAk salatu du komisaldegi eta epaitegietako garbitzaileak ikusezinak izaten jarraitzen dutela. 9 hilabeteko grebaren ondoren, 283 egun, 6792 orduko borroka eta erresistentziaren ondoren, ikusezinak izaten jarraitzen dute.

ELAk gogoratu du Gipuzkoako ertzain-etxeetako eta epaitegietako garbitzaileok 2018ko irailaren 16an, grebari ekin ziotela, eta greba horrek, 9 hilabete iraun zituen. Gaur gaurkoz, kaleak garbitzen dituzten gizonekin alderatuta daukagun soldata-arrakala ahalik eta gehien murrizteko borrokatu zuten. Eskubideen alde borrokatu zuten, gogor borrokatu ere.

Eta gaur egun, COVID-19aren krisialdian gauden honetan, diskriminatuak, ikusezinak izaten jarraitzen dute, emakume, langile eta borrokalari izateagatik soilik.

"Kale-garbiketako gizonek -pandemia honen hedapenaren aurka borrokan, gurekin batera fronteko lehen lerroan daudenek, alegia- euren lanarengatik toxikotasun, arriskugarritasun eta nekagarritasun plusa eskuratzen dute. Baina guk ez. Guk bederatzi hilabete eman genituen greban, eta greba hori luzatu zen, besteak beste, gure hitzarmen kolektiboan toxikotasun, nekagarritasun eta arriskutasun plusa kontuan hartu zedin. Egunero bizi dugun egoera islatzen duen plusa, hitzarmenean jasotzea lortu genuen, hala eta guztiz ere, enpresak ez digu ordaindu nahi izan".

Eraikinetara pertsona andana hurbiltzen da, bizi dugun egoera dela eta, pertsona hauek kutsatuta dauden edo ez, jakiterik ez dugularik. Horregatik, epaitegietako eta komisarietako txoko guztiak desinfektatzen ari dira, birusaren hedapena geldiarazteko. "Badakigu arriskua handia dela, eta enpresak norbera babesteko ekipamenduak ematen ez badizkigu ere, gure lana egunero egiten jarraitzen dugu, gure erantzukizuna dela uste dugulako.

Baina, non dago hitzarmena sinatu zutenen erantzukizuna? Non geratzen da enpresaren erantzukizuna egoera honen aurrean? Enpresak, dagoen arriskuaren aurrean, egiten dugun desinfekzio-lanaren plusa ordaindu nahi izatetik urrun, entzungor eta ezikusiarena egiten du".

Borroka luze baten ondoren, dagokiena besterik ez dute eskatzen. "Guri dagokigun plus bat ordaintzea besterik ez dugu eskatzen, eta hori borrokaz lortu genuen, pausoz pauso, gerrarik gogorrenetan lortzen den metro bakoitza bezala".

ELAk gogoratu nahi du elkartasunaz, erantzukizunaz, gizatasunaz hitz egiten den garai hauetan, langileriaren elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa da, eta guk argi daukagu elkartasun hori zilbor-heste bat bezala lotuta dagoela gure eskubide bakoitza konkistatzeko borrokarekin. Horregatik, guk borrokan jarraituko dute, eta konkistatzen dituzten espazio guztietan bizi dugun egoera salatzen. Helburu bakarra daukatelako, ikusezinak izateari uztea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.