2020-12-01 18:05
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektua, aurreko legegintzaldian onartutako testu bera da, eta ez da konponbidea gaur egun euskal sektore publikoko aldi baterako 50.000 langilek baino gehiagok bizi duten egoera latzarentzat. Lege honetan sartutako Xedapen Gehigarriak, Euskal Enplegu Publikoaren Legean sartutako berberak dira, Mahai Orokorrean ordezkaritza daukagun sindikatu guztiok atzera bota genuen legea delarik.

Gainera, Jaurlaritzak aplikazio-eremu askoz txikiagoa duen lege bat erabiltzen du (Administrazio Orokorra eta horren Erakunde Autonomoak), eremu askoz zabalagoa daukaten bi Xedapen Gehigarri sartzeko (euskal sektore publikoa osoa). Maniobra horren bidez, Gobernuak bizkortu eta kamuflatu egin nahi du oso berme gutxi dauzkaten aurreikuspen hauen onarpena. Xedapen hauek ez dira baliogarriak gure herriko administrazioetako aldi baterako milaka langileak modu eraginkorrean sendotzeko.

Edukiari dagokionez:

  • Lehenengo xedapen gehigarriak:
  • Ez du kontsolidazioa bermatzen, oposaketa faseak izaera baztertzailea izaten jarraitzen baitu eta deialdiaren objektu den lanpostuan lan egindako denbora ez baita erabakiorra lanpostua finkatzeko.
  • Estatu markoari men egitea suposatzen du, egungo estatu mailako araudiarekiko ez baitu apenas inolako berme gehigarririk edota ekarpenik ekartzen.

Bigarren xedapen gehigarria:

Bigarren xedapen gehigarri honetan jasotzen den txanda bereiztuari dagokionez, jasota dagoen formularen ondorioz, behin behineko langile ugari txanda honetan parte hartu ezinda geratuko dira. Alde batetik txanda honetan parte hartu ahal izateko baldintza bezala 8 urteko gutxieneko aintzinatasuna izatea exijitzen baita; bestetik txanda honetara bideratuko litzateken lanpostu kopurua deitutako lanpostuen %60 izango litzateke, finkatu beharko liratekeen langileekin alderatuz hauek kontsolidatzeko beharrezko liratekeen lanpostu kopurua baino askoz gutxiago alegia. Xedapen gehigarri hau, polizia legeak jasotzen duen xedapen iragankorraren kopia huts bat baino ez da gainera, azken honen kontra konstituzio kontrako helegitea aurkeztua duelarik estatuak.

Lege honetan jasotzen diren xedapen gehigarriek ez dute, beraz, herri honetako enplegu publikoak behar duen irtenbidea ekartzen. ELArentzat ezinbestekoa eta premiazkoa da behin behinekotasunaren gaitza jasaten duten 50.000 behin behineko langileren balizko kontsolidaziorako bermedun prozesuak artikulatzea. Horretarako beharrezkoa da:

1.- Kontsolidazio prozesuak zailtzen dituzten heinean, Madriletik inposatutako birjarpen tasak bertan behera uztea.

2.- Eremu publiko osoan, salbuespenik gabe, kontsolidazio prozesuak gauzatzeko derrigortasuna.

3.- Egoera hau pairatzen ari diren langileen lanpostua kontsolidatzea ekarriko duen bermedun prozesua izatea.

4.- Lanpostua kontsolidatu ezean lan egindako urte bakoitzeko 45 lan eguneko soldatari dagokion kalte ordaina bermatzea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.