2019-10-16 12:25
Aurrera jarraitzen dute Euskal Herrian Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko antolatutako mobilizazioak. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuen deialdiari erantzunez ehunka lagun elkartu dira Bilbo Arriaga Plazan ‘Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna’ lelopean.

ELAren izenean Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak hartu du hitza. Sindikatu osoaren izenean gure elkartasuna eta aitorpena helarazi nahi izan die mugimendu eta erakunde katalanei, ELAren babes osoa dutela nabarmenduz. Gainera, oso gogor kritikatu du Kataluniako ordezkari politiko eta sozialen aurka Auzitegi Gorenak emandako epaia.

“Estatuaren helburua errepresioaren bidez 78tik hona gertatu den agerraldi errepublikano eta demokratikorik indartsuena itotzea. Lehen unetik liderrak espetxeratu ditu oinarririk gabeko akusazio bat medio. Espainiako erregea hasi zen epaia idazten, 2017ko urriaren 3an, estatuko aparatuei agindu zienean Konstituzioa defenditzeko. Berriz ere argi geratu da Espainian botere banaketarik ez dagoela; Altsasuko kasuan bezala epai politikoa dugu hau, mendekua bilatzen duena, ez justizia”.

Epaiak sindikatu eta herri garen einean ere interpelatzen gaituela azpimarratu du Lakuntzak. “Sedizioagatik ezarritako zigorrak oinarrizko eskubideak urratzen ditu. Zigor guzti-guztiak justifika-ezinak dira. Onartezina da jendea urte luzez espetxeratzea manifestazioak antolatzeagatik. Protesta oro isilarazi eta kriminalizatu nahi dute. Espainiak duen proposamen politiko bakarra ukapena eta errepresioa dira”.

Kataluniako mugimendu eta erakunde ezberdinei aitortza egin die ELAko idazkari nagusiak, eutsi egiten baitiote euren posizioari: irtenbide politikoa elkarrizketan eta erabakitzeko eskubidean datza. “Aitzitik, gure herrian amore ematen zaio politikoki posizio hauek defendatzeari”, gaineratu du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.