2020-09-15 17:11
ELAk ITP-Zamudion duen atal sindikalak enpresaren zuzendaritza behartu nahi du Zamudion bertan negoziazio-mahai bat irekitzera, lantegiaren etorkizuna erabakitzeko. Multinazionalak lan-erregulazioko txostena aurkeztu zuen Estatuan dituen hiru lantegietarako, eta negoziazioa mahai bakar batean egitea nahi du, Madrilen. ELAk, ordea, ez ditu kaleratzeak onartzen, ezta Zamudioko langileen etorkizuna ordezkatzen ez dituen mahai batean erabakitzea ere. Lehen greba egunean, eguerdian, manifestazio bat izan da Zamudioko Parke Teknologikoan.

Gehiengo zabalak bat egin du grebaren lehen egunean, ITP-Zamudion izandako kaleratzeak salatzeko. ELAk errefusatu egin du enpresak lan-erregulazioko txostena egiteko duen asmoa, azken hau sektore aeronautikoari eragiten dion egoera koiunturala aprobetxatzen ari dela uste baitu. Izan ere, sindikatuak gogorarazi duenez, azken lau urteetan 260 milioitik gorako irabaziak izan ditu enpresak. Gainera, ELAk eskatu du Zamudioko langileei eragiten dieten erabakiak ez daitezela estatu mailako negoziazio-mahai batean aztertu, enpresak nahi duen bezala.

Hurrengo greba egunak irailaren 17an, 22an eta 24an izango dira.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.