2021-09-16 09:57
Azkoitiko (Gipuzkoa) udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzean, ELAk -azkoitiarrekin, langileekin eta senideekin batera- salatu du Kabia Foru Aldundiko erakunde autonomoak, egoitza kudeatzeaz arduratzen denak, eta Udalak uko egin diotela gaurko (irailak 16) bileran parte hartzeari. Langileek bizi duten egoera "jasanezina" dela eta eskatu zuen bilera sindikatuak, errefortzu faltagatik azken urteetako udarik txarrenetako bat pairatzen ari baitira. Sindikatuak gogorarazi duenez, finantzazio publikoarekin kudeatutako zerbitzua da, eta, beraz, "onartezina" da hitz egiteari uko egitea. "Argi geratu da biek enpresa pribatuen aberastasuna lehenesten dutela langileen eta egoiliarren ongizatearen aurrean", deitoratu du. ELAk greba deitu du irailaren 23an eta 24an Gipuzkoako egoitzetan.

San Jose egoitza Biharko Gipuzkoa enpresak kudeatzen du. Langile falta nabaria dago, eta horrek eragin zuzena izan du eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean. Gainera, lan-baldintzak gero eta eskasagoak dira. 2016. urteaz geroztik ez du hitzarmena berritu eta langileen erdiak baino gehiago lanaldi partzialean daude. Egutegi oso gogorrak dituzte, askotan asteko atsedenik gabe, etengabeko aldaketak eta presio handia.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.