2018-11-07 10:55
Honi kiratsa dario. Bankeroak ez dira gainerako herritarren modukoak; beste liga batean jokatzen dute, legeak alde baitituzte kutxa publikoak husteko (ez dituzte itzuliko jaso dituzten milaka milioiak), eta arbitroak erosita gauzak okertzen direnerako (Botin doktrina, zoru-klausulak...). Auzitegi Gorenak egin duena lotsagabea da. Gertakari hauek salatzeko ELAk bilkura bat deitu du datorren azaroaren 12an (astelehena), 16.30ean EAEko Goi-Auzitegiaren aurrean (Bilboko Albia lorategietan).

Egin duten mugimendua ezin traketsagoa izan da eta erabateko arinkeriaz jokatu dute. Horregatik, ikasgai bat utzi digu: Espainian ez dago independentzia judizialik. Ez da gauza bera jende politizatuenak izan dezakeen iritzia eta egiaztatzea denek dakitela gauza bat: independentzia hori gezurra da. Marlaska ministroak, zeina lehenago Auzitegi Nazionaleko epaile izan zen (Europan bere ebazpen batzuk indargabetu zituzten atxilotuen eskubideak urratu zirelako), esan duenez, “ezerk ez du zalantzan jartzen espainiar sistema judiziala”. Bera justiziaren administrazio selektiboaren aktoreetako bat da. Erreta dago, goi-auzitegi horien funtzionamendu irregular eta bidegabearekin bat baitator.

ELAren iritziz sistema ustela dago, fanatikoa da eta ez da inondik ere inpartziala. Estatuaren ikusmolde zaharkituaren ondorio da: eskubide berdinak dituzten herritarren zerbitzura jardun ordez beti dabil traidoreen bila eta justiziaren balantzan beti ipintzen ditu botere ekonomikoaren interesak (IBEX-35), edota estatu-itunarenak, zeinak euskal indar politiko baten zuzendaritza espetxeratzea erabaki baitzuen (Bateragune), edota orain Kataluniako independentziaren aldeko alderdi demokratikoekin gauza bera egiten ari den. Egoitza politikoan iragarri eta egoitza judizialean betearazten da. Auzitegi Gorena bunker aznarista bat da, eta sabotaia-faktore bilakatu da: PPk, Ciudadanosek eta Voxek badakite kontrolpean daukatela. Izan ere, epaile fanatiko horiei bost axola die Europan epaiak ezestea. Eta hori Pedro Sanchezek badaki.

Lesmes Auzitegi Goreneko presidenteak Administrazio-Auzitegiko II Aretoko buru den Diez-Picazori eskatu zion arazoa nola edo hala konpontzeko, epaia ezagutzera eman zenean. Goreneko Aznarren peoiek 15 eta 13 irabazi dute. Ez da kasualitatea: Lan arloan CEOEko buru batek abokatu laboralista bati esan zion, oraindik argi ez zegoenean Rajoyren lan erreformako punturik gatazkatsuenak nola interpretatuko ziren: “Konstituzionalean eta Gorenean bateko aldeaz irabaziko dugu”. Honek hainbat arlotan, ia denetan du eragina: politika, ekonomia, soziala, emakumeen eskubideak...

ETA ORAIN, ZER?

Salatzea da aukera bat, baina ez da aski. Sistema judiziala garbitu behar da. Epaileen promozio sistema aldatu behar da, partzialtasuna iraunarazten baitu. Eginkizun gaitza da, baina atzeratu ezin dena, eskuinak bere agintaldiak baliatu baititu bere kidekoak postu nagusietan kokatzeko.

Gainera, Espainiako gobernuak eta babesa ematen dioten alderdiek Hipoteken Legean beharrezko diren aldaketak egin behar dituzte auzitegi erosi hauek hipotekak kontratatu zituztenei ebatsi dizkieten eskubideak errespeta daitezen. Iruzurrezko justizia administrazio batek kendutakoa bere onera ekarri behar da. Hori da justizia egitea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.