2018-11-13 13:08
Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuaren proiektuak azken urteetan onartu diren aurrekontu murriztaileen bide beretik jarraitzen du. Horrela, zerbitzu publikoak etengabe hondatzen ari dira, eta gizarte-prestazioak moztu. ELAren iritziz indar eskuindarren eta PPren gustoko aurrekontua da. Era honetan, sindikatuak adierazi du indar sindikal, sozial eta politiko progresistok posizio argi eta sendoa adierazi behar dugula.

Aurrekontuaren igoera aurten, aurreko urteotan bezala, ekonomiaren hazkundearen azpitik geratu da. Are gehiago, esan daiteke hamarraldi bat galdu dela, eta honek ondorio larriak izan ditu zerbitzu publikoetan, esaterako osasunean eta hezkuntzan. Aldiz, azken hamarraldian zorra ordaintzeko kopurua izugarri hazi da: 2019an 1.331 milioi euro, 2009an 83 izan zirelarik.

Osasun eta Hezkuntzarako gastu publikoaren pisua gero eta txikiagoa da. Arlo hauetara bideratzen den aberastasunaren zatiari dagokionez Europako azken postuetan gaude. Europako batez besteko mailara iristeko 2019ko aurrekontua Osasunean %50 gehitu beharko litzateke (ia 1.900 milioi gehiago), eta Hezkuntzan, berriz, %32 (924 milioi gehiago).

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektua gastu-arauak baldintzatuta dagoela. Honek agintzen du 2019ko “gastu konputagarria” gehienez %2,7 haz daitekeela. Muga hau iaz erabaki zen Espainiako Kongresuan, PP, Ciudadanos eta EAJren akordioz. Gero Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ere hitzartu zuten; Pedro Sanchezen gobernua ere harekin bat dator.

Muñozen hitzetan gastu-arauak politika egitea galerazten die agintarie eta administrazaile hutsa izatera bihutzen ditu. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzaren Ogasun sailburuak esan du gastu-araua “alkandora hertsagarri” bat dela, baina halaber esan du ados dagoela. "Ezinezkoa da aurrekontu sozialik izatea gastu-arauaren baitan", gaineratu du Muñozek.

Bestalde, indar ezkertiarrei sindikatuetatik ez aldentzeko  eta murrizketak ez onartzeko eskatu die. Era honetan, datorren urteko aurrekontuak eskuinak egindakoak direla azpimarratu du.

Irakurri txostena

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.