2019-03-28 13:42
ELAk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saialarentzat zuzenean lan egiten duten sukalde eta garbiketako langileen kolektiborako martxoaren 28rako deitutako bigarren greba egunak jarraipen zabala izan du. Jaurlaritzaren aldetik mugimendurik egon ezean apirileko bigarren astean berriro ere greba egin eta kalera aterako dira eta maiatzean greba eta mobilizazioak areagotuko dituzte. Era honetan, apirilaren 8tik 12a bitartean greba egiteko deialdia erregistratu du ELAk.

Aurreko bi ikasturteetan arrakasta handia izan zuten greba eta mobilizazioak burutu genituen baina martxoan sektoreko arazoei eta grebara eraman gintuzten aldarrikapenei erantzuten ez zien eta desmobilizazioa ekarri zuen akordioa sinatu zuten gainerako sindikatuek Jaurlaritzarekin. Ikasturte berriarekin batera argi ikusi dugu betiko arazo estrukturalak bere horretan jarraitzen dutela eta gainera sindikatu bakarrak parte hartu duen gardentasunik gabeko jantoki ereduaren inguruko eztabaida prozesuaren ondoren prentsaren bidez jakin genuen urtarrilean Jaurlaritzak hartu zuen erabaki berria: jantokien kudeaketa osoa (langileen kontratazioa barne) guraso elkarteen esku uzteko atea zabaltzea, aurretik martxan zegoen pribatizazioari beste ate bat irekitzen ziolarik lanpostuak arriskuan jarriz. ELAren greba deialdiei esker, eta erregistratu eta astebete ere pasa ez zenean, Gobernua mugiaraztea lortu genuen eta argi geratu da grebek gure lan baldintzak defendatzeko duten balioa.

ELAtik, beste behin ere, sindikatu guztiok gauden negoziazio-mahai urgente bat eskatu genion Sailburuordeari eta martxoaren 12an ospatu zen arren bertan gertatutakoa lotsagarria izan zen: jaurlaritzak ez zuen inongo konpromezurik hartu lanpostuak eta lan baldintzak, ez eta sukalde eta garbiketako langileen kudeaketa publikoa bermatzeko. Eta beraz, martxoaren 13an %50etik gorako jarraipena izan zuen lehen greba eguna egin genuen.

Gaur Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat zuzenean lan egiten duten (pribatizatu gabe geratzen den %10a) ehundaka langilek greba egin eta kalera atera dira berriz ere Jaurlaritzari administrazioaren menpe dagoen sektore feminizatu eta prekarizatuenaren kudeaketa publikoa, kontsolidazio prozesu bat, murrizketei buelta eman, diskriminazioarekin amaitu eta lan baldintzak duintzea exijitzeko, baita pribatizazioa geratzeko ere.

ELAtik garbi daukagu, beti egin dugun moduan, aldarrikapen hauek lortu arte borrokan jarraituko dugula eta beraz, Jaurlaritzaren aldetik mugimendurik egon ezean apirileko bigarren astean berriro ere greba egin eta kalera aterako gara eta maiatzean greba eta mobilizazioak areagotuko ditugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.