2020-05-11 15:36
Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian, Gasteizen, egindako elkarretaratzean, sindikatuek salatu dute "langile publikoak behartuta, presaka eta planifikatu gabe lanera itzuli" behar izan direla. Langileen lan-baldintzen eta iragarritako prebentzio-neurrien jarraipen zehatza egingo dutela ziurtatu dute, batez ere, garbitasunari edo garraio publikoaren baldintzei dagokienez. Izan ere, azken horretan segurtasun eta prebentzio arloko gabeziak larriak direla baieztatu dute. Gogorarazi dute beren lehentasuna langileak babestea eta zerbitzu publikoak eta herritarren arreta bermatzea izango dela.

Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk gogorarazi dute, Lakuan soilik, 1.200 langile baino gehiago itzuli behar izan direla beren lanpostuetara, aurrez aurre, nahiz eta langile asko etxetik telelanean ari ziren, prebentzioagatik. Aldez aurreko plangintzarik gabe hartutako neurri horrek langileak arriskuan jartzen dituela salatu dute, eta zerbitzu publikoa denez, baita herritar guztiak ere. "Bereziki kezkatzen gaitu jendearentzako aurrez aurreko arreta ematen duten lantokiak berriz irekitzeak, kontuan hartuta Eusko Jaurlaritza hartzen ari den neurriak ez direla inondik ere nahikoak eta arrapaladan diharduela", baieztatu dute. Zentzu horretan, mezua bidali diote Eusko Jaurlaritzari: "Zergatik ez zaizkie egiten testak langileei, eta bereziki, jendeari aurrez aurre arreta ematen lan egiten dutenei?".

Salatu dutenez, behartuta, presaka eta behar bezala planifikatzeke dagoen laneratze hau bereziki larria eta deigarria da EAEko beste administrazio eta lantoki batzuetan egiten ari diren laneratze-prozesuekin alderatzen badugu, eta zer esanik ez Nafarroakoarekin edo beste autonomia-erkidego batzuetako prozesuekin alderatzen bada.

“Asko kezkatzen gaitu Jaurlaritzak hitz egiteko eta adosteko duen ezintasunak, eta are gehiago, lanpostuetara itzultzea bizkortzeko presak (eta ez lanera, ia etenik gabe ari baikinen lanean) posible izan den kasu guztietan”. Gaineratu dute eredugarria izan dela langileek zerbitzu publikoarekiko erakutsi duten prestasuna eta konpromisoa.

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk ziurtatu dutenez, langileen lan-baldintzen eta iragarritako prebentzio-neurrien jarraipen zehatza egingo dute, eta egoera hori salatzeko formulak proposatuko dizkiete langileei, egoeraren arabera.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.