2024-04-02 17:26
Lakuako gobernuak sindikatuak deitu ditu lan kontratuko langile finkoei erretiroa partzialaren akordioa sinatzeko. Mahai Orokorraren akordioan zein bestelakoetan jasota dago jada eskubide hori.

Eusko Jaurlaritzak administrazioko mahai orokorreko sindikatuak deitu ditu bihar, apirilaren 3an, 2024ean lan kontratuko langile finkoei erretiro partzialaren akordioa sinatzeko. Dei horren aurrean, ELAk pasa den astean Funtzio Publikoko Sailburu- Ordeari bileran adierazitakoa berresten du: baldintzak betetzen dituzten lan kontratuko langile finkoak eskubide hori aitortuta dute 2004. urteaz geroztik, hala jasota dagoelako mahai orokorreko zein sektoreetako akordioetan; ondorioz, kasu horietan errelebo kontratua ezartzeko, Jaurlaritzak ez du akordio berririk sinatu beharrik.

Jaurlaritzak akordio berri bat nahi badu, hori hobetzeko sindikatuekin negoziatu beharko luke, eta ez dago horretarako prest. Beraz, Eusko Jaurlaritzak aurten erretiro partzialaren eskubidea ukatzen jarraitzen badu, zera geratuko da agerian: Jaurlaritzak ez duela sinatutako akordioa beteko, eta langile publikoei eta haien ordezkaritza sindikalari xantaia egiten jarraituko duela, horren truke sindikatuek murrizketa politikak babes ditzaten nahi baitu. Gainera, erretiro partzialen murrizketari batu behar zaizkie jada erretiro sariei eta Itzarri BGAEkoei ezarritakoak.

ELAk ez du xantaia hori onartuko, eta mobilizazioetan eta epaitegietan borrokatuko du sinatutako akordioak berehala bete daitezen. Baita benetako negoziazio bat has dadin ere, belaunaldi erreleborako hobekuntzak lortzeko, horien artean guztientzako erretiro partziala eta erretiro aurreratua, besteak beste.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.