2021-06-16 11:21
EAEko Hezkuntza Sailak langileek ikasturte honetan egindako lana eta ahalegina ' eskertzeko' ekitaldia egin dute Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxean gaur. Bertan elkarreratzea egin dute LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuetako kideak, Eusko Jaurlaritzaren propaganda-ekitaldia salatu eta baliabide gehiago galdegiteko.

Sindikatuek oroitarazi dutenez, Hezkuntzan ikasturtea greba eta mobilizazioekin hasi zuten, Hezkuntza Sailari aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostua bermatzeko beharrezko baliabide zein neurriak hartzea exijituz. "Lehenagotik ere urgentziazkoak ziren eta pandemiarekin are ageriagoan geratu ziren lan-kargak eta ratioak murrizteko eskatu genion, baliabide gehiago jartzeko exijitzearekin batera. Ikasturtea amaitzear dago eta esan dezakegu gaur gaurkoz hezkuntza publikoan ez dela sakoneko aldaketarik egon".

Gainera, "komunikabideetan, pandemiaren inguruan hezkuntzan izandako kudeaketaren arrakasta saldu nahi izan bazaigu ere, errealitatea oso bestelakoa izan da". Izan ere, "aurrez aurreko ikasturtea aurrera eramatea posible izan bada bertako langileek eginiko lanaren, dedikazioaren eta gain-karga fisiko zein emozionalaren ondorioa izan da. Osasun prebentziorako materiala eta giza baliabideak ez ziren garaiz iritsi, heldutakoak ere erabat ez-nahikoak izan dira eta ratioak ez dira era orokortuan jaitsi. Beraz, ikastetxeek plangintza eta protokoloak ahalik eta modu egokienean kudeatzeko egindako esfortzua izugarria izan da. Ikasturtea greba batekin hasi eta greba batekin amaitu behar izan dugu. Horrela, apirilaren 22an enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzeko eta pribatizazioarekin bukatzeko sektore publiko osorako deitutako grebak babes zabala izan zuen Hezkuntza publikoan. Izan ere, Hezkuntza publikoak plantilla gehiago eta behin-behinekotasun gutxiago beharrezkoak ditu bere erronkei aurre egiteko, kalitatezko hezkuntza bermatzeko. Horregatik, sindikatuok Hezkuntza Sailari eskatzen diogu propaganda albo batera utz dezala, eta langileoi eskerrak ematearekin batera, hezkuntzak hain beharrezko dituen baliabide, ratio jaitsiera, enplegu sorrera eta kontsolidazioa gauzatzeko beharrezko pausoak eman ditzala. Pausorik eman ezean mobilizazio dinamikak indartu eta bultzatu beste biderik ez digu utziko".

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.