2019-03-11 11:24
ELAk salatu du Jaurlaritzak jantoki eta sukaldeak kudeatzeko eredu berria inposateko modua: ELA eztabaidatik kanpo uztea erabaki zuen, eta informazio oro ukatu zion gainera. Jokabide hau antidemokratikotzat jo genuen. Gaur, grebak deitu ostean, Urkulluren gobernuak jantoki ereduari buruzko instrukzioa erretiratu egin du. Jaurlaritzaren zuzeneko langileek zein azpikontratetan dihardutenek lortu dute garaipen hori. Beste behin agerian utzi dute greba inoiz baino premia handiagoa dela.

 

Urtarrilaren 10ean Eusko Jaurlaritzak aukera eman zuen guraso-elkarteek ikastetxeetako jantokiak kudea zitzaten. Horrela familien esku uzten zuen lan administratiboa, langileak kontratatu eta janaria erostetik jantokiaren kudeaketaraino. Proposamena arriskutsua zen milaka langileren enplegu eta lan baldintzentzat.

ELAk erabaki hura hainbat arrazoi medio salatu zuen: Jaurlaritzak zerbitzua pribatizatu egin nahi izan du, eta Hezkuntzako sukalde eta garbitasunean zuzenean lan egiten duen jende kopurua murriztu. Kolektibo honen aldi baterako enplegu tasa %70ekoa da; sukaldeak eskoletatik desagertzen ari dira; gero eta lan karga eta ratio handiagoak jasan behar dituzte langileek; funtzio eta kategoriak oraindik ere finkatu ez direnez, sektorea profesionalizatzeko aukera baztertzen ari dira; krisi urteetan soldatek erosteko ahalmenaren %12 galdu dute; soldata arrakala handia dago, etab. Horregatik ELAk grebara deitu du kolektibo hau, martxoaren 13an eta 28an.

Hezkuntzak azpikontratatutako milaka emakume langileen lanpostuak, hitzarmena eta baldintzak, aldiz, zalantzan geratzen ziren kudeaketa era aldatzeko asmoarekin. ELAk hauek ere grebara deitu zituen, martxoaren 20, 21 eta 22an.

ELAk salatu du Jaurlaritzak jantoki eta sukaldeak kudeatzeko eredu berria inposateko modua: ELA eztabaidatik kanpo uztea erabaki zuen, eta informazio oro ukatu zion gainera. Jokabide hau antidemokratikotzat jo genuen.

Gaur, grebak deitu ostean, Urkulluren gobernuak jantoki ereduari buruzko instrukzioa erretiratu egin du. Jaurlaritzaren zuzeneko langileek zein azpikontratetan dihardutenek lortu dute garaipen hori. Beste behin agerian utzi dute greba inoiz baino premia handiagoa dela.

Haatik, gaurko urratsa oraindik ere ez da nahikoa. Jaurlaritzari galdegiten diogu aldi baterako lanpostuak finka ditzala, murrizketak bertan behera utzi, lan baldintzak hobetu eta ratio politika alda dezala, lan kargak jasangaitzak baitira. Lakuak kalitatezko zerbitzua eskaini behar die jantokiak erabiltzen dituzten ikasleei. Bitartean, ELAk greba eta mobilizazioaren bideari eutsiko dio Jaurlaritzak kontrako norabidean doazen erabakiak har ez ditzan.

Gogora dezagun, gainera, bi kolektibo hauek erabat prekarizatuta eta feminizatuta daudela, eta hau ez dela kasualitatea. Eusko Jaurlaritzak eta boterean dauden alderdiak martxoaren 8a baliatzen ari dira greba despolitizatzeko asmoz; formalki bat egiten dute deialdiarekin, baina ez dute errealitatea aldatzeko sakoneko proposamenik egiten. Administrazioak baditu emakumeon lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko bitartekoak, baina genero diskriminazioaren aurkako urratsak egin ordez, hura areagotu egiten du. Hezkuntza saileko sukalde eta garbitasun kolektiboa eta jantokietako azpikontratetan diharduten langileak dira horren adibide argia.

ELAren eskolak kudeatzeko eredua publikoa da, gertuko elikadura ekologikoa oinarri duena, hezkuntza eginkizuna ere aintzat hartzen duena, beti ere sektorean lanean ari direnen enplegua eta lan baldintzak errespetatuz. Eta ondo asko dakigu borroka dela hori lortzeko modu bakarra.



 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.