2018-12-07 11:33
Abenduko nominarekin batera irailetik murrizturiko lansarien diru-itzulketa ofizioz egiteko eskatzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari.

Aldi baterako ezintasun-egoerei dagozkien lansariak 2018ko irailaren 1etik itzultzea agintzen duen dekretu bat argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hori dela-eta, ELAk hurrengo adierazpenak egin nahi ditu:

Aldi baterako bajan egoteagatik herri-langileei ezarri zitzaien zigor hori Patxi Lópezen gobernuaren aginduz ezarri zen 2012ko urtarrilaren 1ean, Eusko Jaurlaritzaren eremuko lan-hitzarmenaean jasotakoari uko eginez, hitzarmen horretan langile publikoek lansariaren %100 bermaturik baitzeukaten aldi baterako ezintasunen egoeretan ere.

Ordutik hona, ELAk mahai orokorreko eta alorreko bilera guztietan erreklamatu izan dio Eusko Jaurlaritzari sinaturiko akordio eta hitzarmenak betetzea, eta arestian aipatutako eskubide hori berehala berrezartzea. Aldi berean, hainbat mobilizazio eta greba-egun bultzatu ditu murrizketaren eraginpeko lan-eremuetan.

Berandu bada ere, eskubide hori itzuli dela ikustea albiste ona da, baina berandu heldu da, herri-langileek 7 urteko zigorraldia jasan behar izan baitute inolako arrazoirik gabe, eta kaltetutako langileek urte horietan jasandako murrizketak ez dituztelako berreskuratuko.

Dekretua aztertuta, abenduko nominarekin batera irailetik murrizturiko lansarien diru-itzulketa ofizioz egiteko eskatzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari; baina ez soilik irailaren 1etik aurrera hasitako baja-prozesuei dagokienez, baizik eta 2018ko irailaren 1ean dagoeneko bajan zeudenei dagokienez ere bai.

Azkenik, ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio azken urteotan murrizturiko gainerako lan-baldintzak lehengoratzea; besteak beste, eros-ahalmenaren galera (%15aren ingurukoa), Itzarrirako ekarpenak, erretiro-primak, lanbide-garapena... eta, halaber, benetako negoziazio bati ekiteko eremu publikoko enplegu prekario eta behin-behinekoa egonkortzeari begira, aldi baterako egoeran dauden milaka langileren lanpostuak finkatuz.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.