2018-12-03 15:41
Jarraipen batzordean ari da negoziatzen, alegia, ELA presente ez dagoen batzorde bakarrean. Beste modu batera esanda, ehunka lanpostu eta lan-baldintzak arriskuan jartzen dituen proposamena eta, ondorioz, oinarrizko lan-baldintzak eta negoziazio kolektiboaren funtsezko gaiak direnak ELA ez dagoen batzorde bakarrera eramaten ari dira, ezkutuan eta ELAren kritika ekidinez aurrera atera asmoz. Abenduaren 17 eta 18an egonkortasun proposamen honen inguruko hausnarketa egingo dugu Bilbon, Donostian eta Gasteizen langileekin egingo ditugun batzarretan.

ELA sindikatutik gogor salatzen dugu 2018ko maiatzean Jaurlaritzak Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako akordioan jasotzen zen Akordioaren Jarraipen Batzordeak bere funtzioez haratago diharduela, negoziazio materia direnak bertan tratatuz eta negoziatuz, ELA sindikatuaren eskubide sindikalak eta negoziazio kolektiborako eskubidea guztiz urratuz. Bereziki larria iruditzen zaigu praktika antidemokratiko eta antisindikal hau gainerako sindikatuen aldetik. Eta are gehiago, hezkuntza publikoko behin-behineko irakasleen etorkizuna jokoan dagoenean. Eta beraz, negoziazio materia direnak berehala mahai negoziatzailera eramateko exijitzen diegu Jaurlaritzari eta gainerako sindikatuei.

Izan ere, batzorde honetan Jaurlaritzarekin akordioan sinatu zuten egonkortasun proposamena negoziatzen ari dira, gaur egungo behin-behinekotasun eta prekarietatea bere horretan mantentzea eta betikotzea suposatuko lukeen partxe txar bat alegia. Ezin dugu ahaztu egun behin-behinekotasuna %38koa dela hezkuntza publikoko irakasleen artean, hau da, 9.700 behin-behineko irakasle ditugula gure eskola publikoetan, urteak joan eta urteak etorri egoera prekario honetan lanean dihardutenak nahiz eta beren gaitasunak egunero erakutsi eskoletan. Legealdi honetan 5.000-5.500 plazako EPEak egingo dituztenarekin marketin kanpaina bat egiten ari da Jaurlaritza. Esaten ez dutena da, honek behin-behinekotasuna onartezina den %28 batean utziko duela kasurik onenean (3.100 plaza erretiratuko diren langileen lanpostuak betetzeko izango baitira); hau da, azken bi ikasturteetako greba eta mobilizazioetan aldarrikatzen genuen %6tik oso urrun.

Egonkortasun formula honek, partxe txar bat den heinean, hutsune, gabezia eta arrisku ugari ditu. Esaterako, bitarteko gehienak finkatuta egotea suposatuko lukeenez, bitarteko batek lanpostua “galtzen” badu (matrikulazio beherakadaren ondorioz lanpostu hori suntsitzen dutelako, lanpostu horren titularra itzuli delako, edota EPE bidez edo lekualdatze lehiaketa bidez beste karrerako funtzionario batek bete duelako, etab.), zerrendetara itzuliko da, eta lanpostu huts gehienetan bitartekoak finkatuta egongo direnez, puntuazio ona izanda ere askoz lanpostu gutxiago geratuko zaizkio hautatzeko; agian ordezkapenak egin beharko ditu, nahiz eta puntuazio ona eduki zerrendetan. Ikastetxeetako ekipoak eta proiektuak langileen kontura egonkortu nahi dituzte.

ELAren aburuz badago alternatiba eta benetako arazoa den behin-behinekotasunari irtenbide egoki bat emateko bidea: behar estrukturalak lanpostu estrukturalekin betetzean datza kontsolidazio bermeak izango dituen EPE masiboa. Kontsolidazio EPEak lanean ari diren langileei funtzionario bilakatzeko aukera eman behar die, hori baita benetako egonkortasun bakarra. Lehenengo behar estrukturalak ondo definituz, beharrezko lanpostuak sortuz, kontsolidazio EPEak diseinatuz eta berriro behin-behinekotasun maila ikaragarri hauek errepikatzea ekiditeko beharrezko neurriak hartuz.

Uztailean jada antolatu genituen negoziatzen ari diren sasi-egonkortasun proposamen honen arriskuak mahai gainean jartzeko batzarrak. Batzuek alarmistatzat jo gintuzten, baina orain, ikasturtea hasi eta hiru hilabetera, badirudi berehala onartuko dela bitarteko bezala lanean diharduten langileen egoera prekarioa betikotu nahi duen sistema berri hau. Honen guztiaren inguruan hausnartzeko batzar irekiak antolatu ditugu Bilbon, Gasteizen eta Donostian.

Batzarrak honako egun eta orduetan egingo dira:

  • BILBO: abenduaren 18, 2 txanda: 16:30 eta 17:30ean. Izena emateko: 944037786
  • DONOSTIA: abenduaren 17an 17:30ean. Izena emateko: 943005022
  • GASTEIZ: abenduaren 18an 17:30ean. Izena emateko: 945158076
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.