2020-11-05 13:32
ELA, SATSE, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuetako ordezkariek "joan den ostegunean Araban gertatu zen bezala, langileek aho batez adierazi dute nazkatuta daudela eta Gipuzkoan gaurko deitutako grebarekin masiboki bat egin dutela"azpimarratu dute. Goiz partean kontzentrazioak egin dira Gipuzkoako zentro guztietan, eta horren adibide garbia da Donostia Ospitalean egin den kontzentrazio jendetsua.

Sindikatuon agiria:

Greba, hainbat ospitaletako radiologian, laborategian eta kirofanoetan nabaritu da. Araban gertatu zen bezala, jarraipena bereziki garrantzitsua izaten ari da lehen mailako arretan, eta, zalantzarik gabe, horrek agerian uzten du jasaten ari den gainezkatze sistematikoa eta langileen nekea. Nabarmentzekoa da osasun-zentroetako Bezeroaren Arretarako Guneetako langileen artean izaten ari den jarraipen masiboa. Gainerako kategoriek ere gogor jarraitu dituzte lanuzteak.

Eta hori guztia, gehiegizko zerbitzu minimo batzuekin. Izan ere, kolektiboaren greba-eskubidea neutralizatzeko, eragozteko eta erasotzeko ahalegin berri baten aurrean gaude. Horrez gain, salatu nahi dugu, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak beti manipulatzen dituela datuak; eta, greba egiteko aukera izan dutenen artean zenbatek parte hartu duen adierazi beharrean, plantilla osoa hartzen duela oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela greba egin.

Deialdia egin dugun sindikatuok plantillaren egoera kezkagarria salatu nahi dugu. Egoera hori egunetik egunera larriagotu egiten da pandemiaren bilakaeraren ondorioz eta horren ondorioak, langileek ezezik, herritarrek ere jasaten dituzte. Argi eta garbi esan dezakegu, lehen konfinamendua igaro ondoren, Osakidetzak ez duela plangintza egokirik martxan jarri, ezta birusaren balizko berragerraldiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere. Gogoratu behar da, birusa agertu aurretik, lan gainkarga sistematikoa zegoela Osakidetzan.

Egoera larria izanik, egindako greba-deialdiak arrakastatsuak izan ondoren, Osasun Sailak ez du inolako elkarrizketarik izan sindikatuokin. Neurri batzuen berri izan dugu komunikabideen bitartez, eta, zalantzarik gabe, fede-egintza bat egin behar dugu Eusko Jaurlaritzak plantillei eta beste gai batzuei buruz publikoki eskaintzen dituen datuekin; izan ere, ohikoa denez, erabateko iluntasuna eta informazio falta dago. Era berean, ez dago negoziaziorik mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenen inguruan, eta ez da neurri bakar bat ere planteatu urrutitik datozen egiturazko arazoei irtenbidea emateko.

Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea eta osasun publikoaren etorkizuna bermatuko duten eta profesionalak errespetatuko dituzten irtenbideak abian jartzea. Nahikoa da gezurrez, hitz onez eta manipulazioez. Benetako konponbideak nahi ditugu.

Bizkaiari ematen diogu erreleboa: azaroaren 11an protestak izango dira Gipuzkoako eta Arabako osasun-zentro eta ospitale guztietan, eta azaroaren 12an Bizkaia grebara!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.