ARGIA.eus

2019ko ekainaren 20a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2018-12-12 16:06
Bizkaiko Bulego eta Langeletako sektorean deituta dagoen grebaren lehen eguna izan da abenduaren 12a. Lantokiak hain atomizatuta dauden arloan datuak biltzea zaila den arren, ziurtatu dezakegu grebak jarraipen handiz izan duela, baita ELAk beste sindikatu batzurekin deitu izan dituen grebetan baino handiagoa ere. Oraingoan beste sindikatuek uko egin diote grebari, eta ELAk, sektorean nagusi delarik, bakarrik deitu du.

Sektore honetan jende askok enpresa handietako azpikontratentzat egiten duela lana, eta lanuzteak eragina izan du enpresa horiengan. Esaterako, hori gertatu da Iberdrola, Randstad, BBVA edota Lantik-Aldundian. Jarraipena oso handia izan da hainbat enpresa handitan, esaterako Entelgy ibai, Sarenet, Customer Works, Semantic, Serikat, eta abarretan.

Goizeko 10etan manifestazio handi bat izan da, eta milatik gora grebalarik parte hartu dute. Lantik-Bizkaiko Aldundiaren egoitzatik hasi eta ibilbidean puntu nagusiak Iberdrola dorreko instalazioetan eta CEBEK patronalaren egoitza aurrean izan dira.

Hain zuzen CEBEK patronala da Bizkaiko Bulego eta Langeletako Hitzarmena bahituta daukana; 2012tik hona akordioa ez da berritu. Urte hartan CEBEK patronalak lan erreformak baliatu zituen hitzarmenaren amaiera erabakitzeko.

Duela hainbat urte ELA lanean ari da sektoreko langileek egoeraz jabe daitezen eta beren lan-baldintzen alde borroka daitezen. Prekaritatea gero eta hedatuago dago, eta lan-baldintzek okerrera egin dute. Sektoreko behargin batzuk 2012tik aurrera baldintzak izoztuta dituzte, eta zenbait azpisektoretan kontratu berria egiten zaienei lan-hitzarmen estatalak aplikatzen dizkiete.

Gaur langileek eman duten erantzuna ikusirik dei egiten diegu enpresei CEBEK negoziatzera behartu dezaten, murrizketa eta soldata izozturik gabeko akordio bat negozia dezan, zeina derrigor bete beharrekoa izango den. Abenduaren 19an negoziazio-mahaia bilduko da. Espero dugu orduan CEBEKek gatazkari amaiera emateko edukiak proposatuko dituela; hori da bere ardura.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.