2019-07-02 13:31
ELAren aldetik ez dugu onartzen jarduneko Gobernua, itunpeko langileen egoera konpondu gabe utziz joatea, bilera batean esan digun bezala. Egin dezala Pedro Sanchezek bezala: nahiz eta jardunean egon, murrizketak lehenaraztea ostiral sozialetan, ezkerraren laguntzaz. Nafarroako Itunpeko Sarean lan egiten dugun 2.800 profesionalok arreta ematen diegu ikasleen %40ei; baina abuztuaren 31n Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzaren oraingo Akordioaren indarraldia agortuko da, eta gure lan-etorkizuna zalantzazko laino artean lausotuko da. Horregatik, ataka gaiztotik lehenbailehen ateratzeko irtenbide bila ibili behar gara, baina ez edonola, 2017an egin zen bezala, lan baldintzetan atzerapausua izategatik ELAk sinatu gabe geratzera behartuz.

Ziurgabetasuna egon badago: irakasle batzuek irailaren 1ean 61 urte eta 8 hilabete beteko dituzte, Rajoyren lan-erreformak markatzen duena, hain zuzen, eta ez dakite oraindik astean 23 eskola-ordu ematen jarraitu behar duten, 67 urterekin erretiroa hartu arte, edo Nafarroako Akordioaren babesean jarraitu, erretiro partziala hartuz, eta eskola-ordu horien %50 eman eta bertze erdia utzi behar dioten langabeziatik datorren langabetu bati.

Eta ziurgabetasuna dago, zeren 57 urte bete dituztenek ez dakite 23 eskola-orduko beren lanaldia murriztuko ote duten, eta gerakinak gazte batendako utzi (hamarkada batez 4 orduz murriztu izan dira, baina sindikatu guztiek, ELAk izan ezik, 2ra jaistea onartu dute).

Oroitu beharrekoa da, puntu honekiko, Sare publikoaren 2018-2022 Itunaren bidez hurrengo ikasturteaz geroztik, irakasleek, 58 urte betetzetik aitzin, 6 saio murriztu ahal izanen dutela beren asteko lanaldia, berez gurea baino murriztuagoa dena; eta haur hezkuntzan, 2020/2021 ikasturtetik goiti, 57 urteko irakasleek 3 saio murriztuko dutela; 2021/2022 ikasturtetik 2 saio 56 urteetatik; eta saio bat, 55 urte betetzetik aitzin.

Ziurgabetasuna dago ez baitakite beren ikasgela itxiko ote den, eta itunpeko sareko bertze ikasgela batean birkokatzerik izanen duten edo ez, edo Hezkuntzak antolatzen dituen prestakuntza-ikastaroetara sartzerik izanen duten, bertzeak bertze.

Ziurgabetasuna nagusi da, orobat, soldata-arloan, zeren 2010az geroztik urte oso bat lan egin dugu dohainik, gure eros-ahalmenaren %16,4 galdu baitugu, lau alderdiko gobernuak egin duen %5eko soldata-itzulketa kontuan hartu arren. Nolanahi ere, soldata-itzulketa hori sare publikoan egindakoa (%6) baino txikiagoa izan da, han 2016an %1 igotzen hasi ziren, guri aldiz deus ere igo gabe. Mobilizazio ugariak eginez lortu genuen 2017ko urtarriletik haiei bezainbertze guri igotzea, lehengo legealdian denoi berdin jaitsi baitziguten soldata. Horren erruz batzuen eta bertzeen arteko aldea handiagoa da, UPNren garaian zegoena baino, eta gainera indarrean dagoen akordioan (ELAk sinatu ez zuena) ezarrita zegoen lehengoratze bat, 2012an soldatetan aplikatu ziguten aparteko murrizketa bati dagokiona, ez dira ezta hasi ere gauzatzen. Gehiago argitzearren, erran behar dugu sare publikoan hasita daudela gainditzen Rajoyk 2012an Hezkuntzan egin zuen murrizketa, eta joan den ikasturtetik gutxitu direla maisu-maistren irakastorduen asteko kopurua, pertsonal gehiago kontratatu baitute. Itunpeko sarean, ordea, urte hartatik bertze %2,5 bat jaitsi baziguten ere, ez dakigu oraindik noiz gaindituko dugun murrizketa hori, garia hartan PSOEK gobernatutako Andaluzian, Asturiasen eta EAEn ezarri ez zena, nahiz eta Espainiako PPren gobernuak hala agindu.

Oraingo jarduneko gobernuak konpondu beharko luke kontu hori, lekukoa hurrengoari pasatu baino lehen. Ikasturteko azken egunean bildu gaitu “egoera baloratzeko”, baina ELAtik eogera konpontzeko negoziazioei berriz ekiteko eskatzen dugu. Egia da ELAk Nafarroako itunpeko irakaskuntzaren sektore-hitzarmen bat eskatzen duela, Nafarroako ikastolek dutenaren antzekoa, baina gainerako sindikatuek erabateko konponbide horri uko egiten dioten bitartean, eta ELAk sektorean gehiengoa lortzen ez duen artean, EAEn badaukaguna, adabakiak jartzen ibili beharko gara, gutxienezko duintasun batez bizirik iraun ahal izateko. Baina adabaki horiek ez dira izan behar atzerapauso bat; horregatik, oraingo gobernuak badu aukera oraindik gu ez uzteko lan-baldintza txarragoetan, agintera iritsi zen garaikoak baino. Horrela beteko zuen, gainera, hitzemanda zuena, zeren 2016ko %1eko igoera urte hartako aurrekontuen behin betiko onespenaren osoko bilkuran lauko gobernuko eledunaren promesa izan zen. Arduradun politiko hura gaurko Hezkuntzaren kontseilaria da; eta 2012an egindako %2,5eko murrizketa lehengoratzeko akordioa sinatu zuena kontseilari hori bera da. Baina akordioa indarrean egon arren, ez dute puntu hori gauzatu (3. puntua).

Jarduneko gobernua urrats horiek egitera ausartzen ez bada, gobernu berria negoziatzen ari diren alderdiengana joko dugu, arazoaz jabetu daitezen, eta konpondu dezaten. Kontuen Ganberaren arestiko txostenean gure salaketak egiaztatu dira. Izan ere, ikasleen %40ak azpikontrata baten bidez artatzen dira, non pertsonala esplotatzen den. Kontuen Ganberak dioenez "irakasleek astean eman behar dituzten irakastorduei dagokienez, ikastetxe publikoetan 20 ordu dira, eta itunpekoetan 23; gainera, esparru publikoan jolastokia zaintzeko orduak irakastordu gisa zenbatzen dira, eta itunpekoan ez (...). Lansarien arloan, ikastetxe publikoetako irakasleen soldatak handiagoak dira, bai oinarrizko kontzeptuak, bai norberarenak". Kontuen Ganberak sare honetarako eskatzen dituen gardentasuna eta kontrola, finantzaketa publikoari dagozkionak, guk gogor landu eta eskatu ditugu, horrek pertsonalaren hobekuntzan ere bere eragina izanen zuelakoan. Eta garaiz gaude oraindik.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.