2020-06-25 12:17
ELAk jakin duenez, heriotzazko lan-istripu berri bat gertatu zen ekainaren 24ean Gipuzkoan. Irurako Laskibar poligonoan enpresa baten nabea berritzeko lanetan ari zela gertatu zen ezbeharra. Heriotz berri honekin, dagoeneko 34+2 lirateke Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak.

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke; Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da. Konfinamendu egoera honetan, Eusko Jaurlaritzak are gehiago ikuskatu beharko lituzke lan-zentroetan ematen diren lan-baldintzak, langileak erabateko indefentsio egoeran aurkitzen baitira legearen urraketen aurrean.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean.

Herritar orori dei egiten diogu bihar, hilak 26, goizeko 11tan, Laskibar Poligonoaren sarreran dagoen biribilgunean Euskal Herriko gehiengo sindikalak egingo duen elkartaratzera etortzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.