2022-12-01 15:26
100. egun daramatzate greban. Teliman garbikuntza enpresaren Irizarreko kontratua azaroaren 30ean amaitu da.

Ezjakintasuna da nagusi Irizarrentzako garbiketan diharduten Teliman azpikontratatutako langileen artean. 100 egun daramatzate greban, eta gatazkan inplikatutako enpresek ez dizkiet argibiderik ematen. Izan ere, Telimanek adierazi die azaroaren 30ean amaitu dela Irizarrekin zuen kontratua, eta subrogatuak izango zirela, garbikuntzako Gipuzkoako hitzarmenak hala jasotzen duelako. Baina gaur gaurkoz eta epemuga iritsita, langileek ez dakite zein enpresak subrogatuko dituen.

Bestalde, Irizarrek isilik jarraitzen du. Ormaiztegiko Irizar S.coop enpresako 24 emakumeren lanpostua dago jokoan, askok 20 urte daramatzate lanean bertan, azpikontratatuta eta jubilaziotik gertu hainbat. Borrokan daude euren lan baldintzak duindu nahi dituztelako.

Langileak haserre daude, gutxietsita eta ignoratuak sentitzen direlako. Irizar Gipuzkoako kooperatiba indartsuenetariko bat da, diru publikoz lagunduta punta-puntako autobus eta ibilgailu jasangarriak ekoizten dituena (dirutza du jasotzekoa Next Generation iturrietatik, esaterako). Euren azpikontratatutako langileen artean, ordea, prekaritatea da nagusi.

ELAk argi dauka Irizar langile horiekin jolasten dabilela. Isiltasuna onargaitza da, eta egoera argitu dezala eskatzen dio sindikatuak, legeak hala ere behartzen duelako. Hori dela eta, ELAk borrokan jarraituko du langile horien egoera duindu arte. Horregatik, bihar kalera aterako dira protestan: manifestazioa egingo dute abenduaren 2an 12:30ean Ormaiztegiko Irizargo sarrera nagusitik ( Zumarraga bidea 8).

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.