2019-10-03 13:47
Irakasleen ordezkapenak esleitzeko Jaurlaritzak ezarritako Ordezkagune sistema telematikoak huts egiten jarraitzen duela salatu du ELAk Jaurlaritzaren Bilboko delegaritzaren aurrean. Hezkuntza publikoko benetako arazo larria den behin-behinekotasun tasa altuari (%40) aurre egin beharrean partxeak eta neurri sasi berritzaileak jartzea leporatu dio sindikatuak Jaurlaritzari.

Ikasturtea hasi denetik hilabete eskas bakarrik igaro bada ere, dagoeneko amaigabeak dira irakasle interinoen ordezkapenak esleitzeko Jaurlaritzak ezarritako sistema telematikoaren kudeaketa dela eta bizitako egoera onartezinak. Hezkuntza Sailburua den Cristina Uriartek azken egunotako gertakariak txikikeriatzat jo eta konponduta daudela badio ere, irakasleek ondo dakite arazoak bere horretan dirauela eta egoera gero eta jasangaitzagoa dela.

ELA-k hasieratik salatu du ordezkaguneak ez duela konponbuko sare publikoaren benetako arazo larriena, alegia, behin-behinekotasuna. Berrikuntza bezala planteatu dute sistema hau, benetako arazoari muzin eginez. Izan ere, irakasleen arteko behin behinekotasuna %40ko maila onartezinera heldu da dagoeneko eta honekin amaitzeko proposamen errealik ez da oraindik mahai gainean jarri.

Jaurlaritzak urte luzeetan irakasleak modu prekarioan (behin-behinekotasun egoeran, EPE dinamika perbertso batean, Euskal Herriko punta batetik bestera bueltaka...) bere beharrak betetzeko erabili ostean, langile hauek kontsolidatzetik eta behin-behinekotasuna %6ra jaistetik urrun dauden neurri injustu eta txapuzeroak besterik ez ditu martxan jarri. Horren adibide garbia da ordezkagunea aplikazioa.

Beste behin salatu nahi ditugu Hezkuntza sailaren gardentasun falta eta inprobisazioa. Aurrez esan dugun bezala, sistema berria Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabaki eta antolatu du, jarraipena batzordean negoziatu eta ELA-ri inolako informaziorik eta parte hartzerik bermatu gabe.

Egoera honen aurrean, irakasle askorengandik jasotako kexa eta ardurak kontuan izanik, argi daukagu greba eta mobilizazio indartsu bidez soilik irauli ahalko dugula egoera. Horregatik, langileak antolatu eta borroka honetara batzeko deia egiten diegu Hezkuntza Publikoaren alde eta prekaritate, murrizketa, diskriminazio eta pribatizazioaren aurka.

Hala izanik, deia luzatu nahi dugu datorren ostegunean Gasteiz, Bilbo eta Donostiako Delegaritzen parean deituko ditugun kontzentrazio zaratatsuetan parte hartzeko.

  • Gasteiz ( San Pudencio kalea ,18) 10:30.
  • Bilbo ( Gran Vía 85) 10:00.
  • Donostia (Andia Kalea, 13) 10:30.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.