2020-11-27 12:00
STEILAS eta ELA sindikatuek aurrez-aurreko hezkuntzaren alde eta langileen lan baldintzak bermatzearen alde agerraldia egin dute, telematikoki eta aurrez-aurreko irakaskuntza hibridoak sortzen dituen arazoak salatuz.

Martxoko itxialdia bat-batean eta prestatuta ez geundela etorri zitzaigun. Egun batetik bestera telehezkuntzan murgildu behar izan genuen. Hasieran ez zen erraza izan, aurrez aurreko irakaskuntzan erraz egiten direnak zail bihurtzen dira-eta urrutikoan. Irakasleek beren kasa, lan ordutegitik kanpo eta beren azpiegitura teknologikoekin egin behar izan zuten beharrezko murgilketa: ikastaroak egin, metodologia eta materialak egokitu… Horretaz gain, ordutegiak mugarik gabe hedatu ziren maiz. Telelana ez zegoen arauturik Hezkuntzan eta, oraindik ere, araudi hori egiteko dago.

Ikasturte honen hasieran, Hezkuntza Departamentuak agindu zien ikastetxeei ikasleen artatze ez-presentzialaren plangintzak sortzeko, inolako jarraibide eta baliabiderik eskaini gabe beste behin ere. Hori horrela, ikastetxe ugaritan pentsatu zuten ikasle konfinatuak telematikoki artatzea zela modua irakasleak gehiago ez zamatzeko, eta horrekin, irakaskuntza hibridoa hedatuz joan da. Ondorioz, irakasle asko behartuta egon dira zuzeneko bideo emanaldiak egitera gelatik bertatik, aurrez aurreko klase batean.

STEILAS eta ELA sindikatuok irakaskuntza hibridoaren arazoak salatu nahi ditugu:

  • Eskola emateko moduak desberdinak dira klase presentzialetan eta telematikoetan. Eskola bat ematea ez da edukiak transmititzea bakarrik; izan ere, etengabe egiaztatu behar da ikasleek ongi ulertzen dutela eta material egokiaz baliatzen direla; ikusi egin behar dira haien erreakzioak, elkarrekin nolatan diharduten, eta abar. Beraz, faktore horiek aurrez aurreko ikasleen eta telematikoen artean aldi berean kontrolatzeak lan zama handitzea eta hezkuntza-kalitatearen murriztea dakarte.

  • Irudiaren babesa ez da bermatzen.

  • Datuen babesa ez da bermatzen. Hezkuntza Departamentuak aspaldidanik bultzatu du Googleko aplikazioen erabilera ikastetxeetan eta etxeetan (chromebook-en bidez). Googlek etengabe gurutzatzen ditu ikasleek dituzten kontuetako datuak (gmail, YouTube eta beste batzuk) bisitatzen dituzten webguneekin eta G Suite aplikazioetatik lortutako datuekin, eta, beraz, informazio ugari pilatzen du ikasleei eta haien familiei buruz, beren publizitate negozioa eta hirugarrenei datuak saltzeko negozioa elikatzeko.

Egoera honen aurrean, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu:

  • Bizitzen ari garen salbuespenezko pandemia aldi honetarako soilik, teleirakaskuntza arautzeko egiazko negoziazio prozesua abian jar dezala.

  • Artatze telematikoaren baldintzak negoziatu ditzagula (nori, noiz, nola…).

  • Irakasle gehiago kontratatu ditzala ikasle konfinatuei arreta emateko; izan ere, irakaskuntza hibridoak lan-karga handiagoa jartzen die irakasleei, eta lehendik ere aski estresatuta dabiltza Covid-19aren pandemiak sortutako egoeran inbertsiorik egin ez izanak eragindako baldintzengatik.

  • Hezkuntza Departamenduak bere plataforma telematikoa eta publikoa sor dezala, software librean oinarrituta. Plataforma horiek erabiltzen ari dira beste autonomia-erkidego batzuetan eta Europako herrialde gehienetan. Era berean, irakasleak prestatu beharko lirateke plataforma hori eta plataforma horretarako berariaz garatutako aplikazioak erabiltzeko.

  • Teleirakaskuntza garatzeko azpiegitura teknologiko egokia eman diezaiela ikastetxe guztiei, software librea erabiltzen duten gailu elektronikoekin, Nafarroako zenbait ikastetxetan egiten ari diren bezala.

STEILASen eta ELAn aurrez-aurreko hezkuntzaren alde eta langileen lan baldintzak bermatzearen alde gogor jarraituko dugu lanean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.