2020-09-23 12:49
Arabako aeronautikaren sektoreko enpresetako batzordeek eta ordezkari sindikalek (Alestis, Aernnova AAA, Aernnova AED, Aernnova AES, Aernnova AAS, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Metraltec eta Feliu & Madinabeitia industriarako zerbitzuak...) manifestazio bateratua deitu dute irailaren 26rako, Gasteizen, enpleguaren alde. Halaber, euskal administrazioen inplikazioa eskatzen dute, laguntza publiko eta diru-laguntza ugari jaso dituen sektorea baita. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Posta plazatik eta Foru plazan amaituko da.

Sindikatuen ustez, sektoreak bizi duen krisi egoera koiunturala da, Covid-19aren ondorioz, eta enpresa batzuetan planteatutako neurri traumatikoak ez dira irtenbidea. Gogoan izan bai Alestisen bai Aciturrin enplegua desagertzeko EREak planteatu direla. Aernnovak, bere aldetik, neurri atzerakoiak iragarri ditu, eta ERTEak sektorean pilatzen ari dira.

Batzorde horien esanetan, egungo krisiari irtenbidea emateko, industria-politika serioa behar da, eta administrazio publikoak zuzenean interpelatzen dituzte, bai Arabako Aldundia, bai Eusko Jaurlaritza, egoera hori langileek eta haien lan-baldintzek ordain ez dezaten. "Konpromisoak hartzeko eta sektore estrategiko honen alde egiteko garaia da. Ezin dute besoak gurutzatuta jarraitu lanpostuak eta lan-karga galtzen diren bitartean ", salatu dute.

Aeronautikaren sektoreak zuzeneko 6.000 lanpostu ditu EAEn, eta zeharkako 25.000 bat. Arabaren kasuan, 1.400 zuzeneko postu eta zeharkako 8.000 inguru.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.