2018-10-01 14:36
ELAk lehenengo salaketa egin eta bi urte eta erdi pasa diren honetan, ez enpresak ezta ikuskaritzak ere ez dute ikuskaritzak berak idatzitako errekerimenduan jasotzen den legea betetzeko inongo pausurik eman. Langileen osasuna modu kontzientean arriskuan mantendu dituzte.

Orain dela bi urte eta erdi, ELAko CIE taldeko Inyectametal enpresako Atal Sindikalak aztertu zuen errekurtso prebentiboak neurri gabe, beharrezko formaziorik gabe eta ondorioz, bere betebeharrak bete gabe zeudela. Enpresan bertan arazo hau mahai gainean jarri zen, Lan Osasun Komitean barne, baino enpresak ez zion kasurik egin izan nahi. Horren ondorioz, salaketa erregistratu zen Osalan eta Lan Ikuskaritzan. Izan ere, Errekurtso Prebentiboen figura arrisku bereziki altua duten betebeharretan baino ez da jasotzen, legeak detaile handiz zehazten dituen kasuak izanik.

Salaketaren ondorioz, Lan Ikuskaritzak eta Osalanek bisita egin zuten enpresara, txostena idatzi zuten eta errekerimendua egin zioten enpresari, ELAk salaketan jartzen zituenak aintzat hartuz. Errekerimendua unean bertan betetzekoa zen, eta 2016ko maiatzaren 26an bidali zitzaion CIE INTECTAMETAL enpresari.

Gaur egun, oraindik ez da errekerimendua betetzen, ez dago formazio nahikorik eta ez da segurtasun prozedura betetzen, langileon osasuna eta bizitza beraren arriskua ontzat emanez.

2017ko ekainaren 8an salaketa berri bat erregistratu behar izan zuen ELAk, errekerimendua betetzen ez zela adieraziz. Lan Ikuskaritzak horrela eskatu zien langileon ordezkariei, enpresek Ikuskaritzaren aginduak betetzea langileon ardura bailitzan. Baina langileen osasuna medio, salaketa berriari bide eman zitzaion. Horren ostean bi bilera izan dira Ikuskaritzan enpresa, Ikuskaritza eta Langileon Ordezkaritza, baina oraindik ere guztien osasunak kolokan jarraitzen du.

Prentsa ohar honek ELA eta bere militanteek behin eta berriro salatutakoa argitara atera nahi du, baita enpresek eta erakundeek langileotaz duten irudi tristea salatu ere. Produkziorako erreminta bezala ikusten gaituzte eta ez diote inongo begirunerik langileen bizitzekiko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.