2020-03-05 11:52
Gipuzkoako erresidentzietako langileek Donostiako Emakumeen Etxean itxialdian jarraitzen dute, erakundeen aldetik jasaten duten tratatu txarraren aurrean babesa eskatzeko. Emakume hauek 234 daramate greban, eta euren helburuak lortu arte borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute. Gainera, Martxoaren 8a dela-eta bai ELAk eta bai mugimendu feministak deitutako ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu dute.

Aintzane Orbegozok, alor sozio-sanitarioko arduradunak, berriz ere kritikatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak erakunde honek Martxoaren 8arekin duen konpromisoaren inguruan egindako adierazpenak. “Aldundiaren ahotik horrelakoak entzunda, Erresidentzietako langileak, Gipuzkoako Foru Aldundiak %90ean finantzatzen duen zerbitzu publiko bat ematen dugun neurrian, babesik gabe eta irainduak sentitzen gara. Ozen salatu nahi dugu instituzioen aldetik tratu txarra jasaten ari garela. Egoera honen aurrean, emakumeontzat babesleku den etxe honetara babes bila etorri gara, kanpoko hipokresiatik ihesi”.

Orbegozok bilera bat eskatu du lehenbailehen Foru Aldundiko arduradun gorenekin. “Martxoaren 8a dela-eta egindako deklarazio horretan hartu dituen konpromisoei buruz hitz egin nahi dugu: soldata arrakalaren erradikazioari buruz, zaintza lanak emakumeen bizkar uzten dituen antolamenduari buruz, Gipuzkoako erresidentzietan ematen den zaintzaren kalitateari buruz... Hartu dituen konpromiso horiek bete ditzala eskatu nahi diogu. Esaten duten hori egin dezatela eskatu nahi diegu”.

“Diputazioak badaki erresidentzietako langileak %30eko soldata arrakala daukagula gizonezkoak gehiengoa diren eta eurek kudeatzen duten beste zerbitzu publikoen aldean: esaterako, kale garbitzaileak. Formazio antzekoa izanik, guk urtean 6.000 euro gutxiago irabazten ditugu. Gurea %90ean finantzatzen du zerbitzu publikoa da; ardura zuzena dutenik ezin ukatu. Foru Aldundiak aukera paregabea dauka soldata arrakala ezabatu nahi badu, baita kontratu prekarioak ezabatu nahi baditu ere”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.