2020-10-16 11:37
IMQ taldeko eta bere sozietateetako enpresa-batzordeetan %63ko ordezkaritza baino gehiago izanik, ELAk eskaera zuzena egin dio boto-eskubidea duen akziodun bakoitzari: erabakiguneak EAEn mantentzea, enplegu guztiak mantentzea eta langileen-lan baldintzak aldatuko ez direla ziurtatzea. "IMQn lan egiten dugunon etorkizuna euren erantzukizuna da", laburbildu dute delegatuek. ELAk ez du mobilizaziorik baztertzen eta datorren astean elkarretaratzeak egingo dituztela iragarri du.

ELAk salatu du IMQ taldea konpainiaren salmenta negoziatzen ari dela, EAEn errotzea, enplegua eta zuzenean eta zeharka enplegatutako ia 6.000 pertsonen lan-baldintzak bermatu gabe, "etorkizunean EAEn akziodun izan daitezkeen mediku berririk egongo ez delako aitzakiarekin". Kontseilua egiten ari den negoziazioen helburua konpainia saltzea da, eta urriaren 23an Akziodunen Batzarrean onartzen saiatuko dira.

Sindikatuaren ustez, bereziki larria da gai-zerrendako 26 puntuetatik bakar bat ere ez egotea langileen enplegua eta lan-baldintzak aipatzen dituena. Negoziazioak ordezkariei jakinarazi gabe egiten ari direla ziurtatu du. "Ez dago gardentasunik. Langileak oso kezkatuta daude", azaldu dute.

Dioenez, IMQ taldea barne-krisi larrian murgilduta dago, eta, krisi horretan, gertakariak etengabe gertatzen ari dira, akziodun gehienen inolako kontrolik gabe, inoiz baino etekin handiagoa lortzen ari diren bitartean. "Kargu-uzteak eta administrazio kontseiluetako dimisioak gai zerrendan daude, guztiak ibilbide orri batekin jarraitzera bideratuta daude, eta konpainiaren salmenta da lehentasuna", azpimarratu du.

Gauzak horrela, gaur egun enpresa horretako kide diren pertsona guztien enplegua bermatzeko eskatu dio ELAk enpresari. "IMQ 85 urte baino gehiao dituen enpresa proiektua da, eta, gaur egun, emaitza historikoak eta baliabide nabarmenak dituen eredu bat, guztiontzako etorkizuna izatea ahalbidetzen duena", gaineratu du.

Helburu hori lortzeko, ez du inolako mobilizaziorik baztertzen, eta dagoeneko hauek deitu ditu:

  • Datorren astelehenean, hilak 19, elkarretaratzea 19:00etan Zorrozaurre klinikaren aurrean, Bilbon.
  • Urriaren 23an, ostiralean, elkarretaratzea, 15:30ean, Euskalduna Jauregiaren aurrean, Bilbon.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.