2020-08-21 09:35
ELAk Hezkuntza Sailari sindikatuekin premiazko bilera bat egiteko eskatzen dio, ikasturtea hasteko 3 aste eskas falta direnean Sailak haiekin biltzeari uko egiten jarraitzen baitu. Kezkagarria da osasun-krisiari aurre egiteko eta gure hezkuntza-sistemaren beharrei erantzuteko beharrezkoak diren baliabideak kudeatzeko eta hornitzeko planteamenduetan aurrerapausorik ez ematea.

Sindikatutik urteak daramatzagu gure hezkuntza-sisteman inbertsioa handitzeko beharra eskatzen; izan ere, BPGren % 3,5 izanik, Europako azken muturrean dago ( % 4,9 batez beste), eta UNESCOk gomendatutako BPGren % 6tik oso urrun.

Bataz besteko datuak datu, Hezkuntza Sailak sistematikoki aplikatzen duen ratioen muturreko politika salatzen ari gara etengabe; izan ere, argi eta garbi apustu egiten baitu ikasgeletan ahalik eta ikasle gehien biltzearen alde, baita hori ahalbidetzeko araudia aldatuz ere, egungo ratioak eta, ondorioz, hezkuntza-kalitatea murriztea eta hobetzea ahalbidetuko duten espazioen eta antolaketa-sistemen plangintza egin beharrean.

 3 langiletik ia 1 behin behinekoa izanik, onartezina da behin-behinekotasun tasa eskandalagarri horiek gure hezkuntza publikoan eragiten duten prekarietate eta ezegonkortasuna, bai langileentzat, bai ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-proiektuentzat. Honi gehitzen zaio, irakasleen, hezitzaileen, garbiketako eta sukaldeko langileen eta gainerako langileen lan-baldintzak murriztu eta bere horretan gelditu direla, azken krisi ekonomikoen aitzakian.

Argi dago, beste egoera batetik abiatuta, inbertsio handia, ratio txikiagoak, langile finko eta egonkorrak, zerbitzuen pribatizaziorik eta prekarizaziorik gabeak eta egindako lana aitortzen duten lan-baldintzak izanik, gure hezkuntza-sistema egoera hobean egongo litzatekeela egungo osasun-krisiari erantzuteko eta hezkuntza-komunitate osoaren segurtasuna eta osasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko, aurrez aurreko hezkuntzari eutsiz eta hezkuntza-kalitateari kalterik egin gabe.

Horregatik, ELAk uste eta defendatzen du horiek izan beharko liratekeela Hezkuntza Sailaren erabakiek jarraitu beharko lituzketen ildoak.

Pasa den ikasturtearen amaieran agerian geratu zen ordea, Uriarte sailburuak zuzentzen duen sailak pandemia horren kudeaketan jarraitu nahi duen bidea bestelakoa dela. Langileen ordezkariekin elkarrizketa eta negoziazioa saihestearena, bai eta hezkuntzan inbertsio handiagoa eragiten duen edozein neurri saihestearena ere alegia, nahiz eta inbertsio hau funtsezkoa izan hezkuntza-komunitatearen osasuna bermatzeko gaur egungo egoeran.

Osasun-krisia murrizketak egiteko ere erabili du jada, IRALE programarekin, barnetegiekin, IBT-CRI, OET-H eta entzumen urrikoen arretarako taldeekin, Hamaika Esku programarekin, Sukarrietarekin edo hastear dagoen ikasturteari begira lanpostu-hornidurarekin gertatu den bezala.

Ikasturtea hasteko 3 aste falta direnean, sailak sindikatuekin biltzeari uko egiten jarraitzen du, nahiz eta behin eta berriz eskatu diogun benetako elkarrizketa eta negoziazioa sustatzeko.

Kezkaz ikusten dugu ez dagoela aurrerapenik osasun-krisiari aurre egiteko eta gure hezkuntza-sistemaren beharrei erantzuteko beharrezkoak diren baliabideak kudeatzeko eta hornitzeko planteamenduei dagokienez, sailburuak berriki egindako adierazpenen arabera. Osasun-bermeko neurriei buruzko erantzukizun guztia zentroek berek dute oraindik ere, eta Sailak, berriz, berme horiek gauzatu ahal izateko beharrezko baliabideak ematea saihesten du.

Egoera horren aurrean, funtsezkoa da:

1.- Inprobisazioa atzean uztea eta premiaz ekitea osasun-krisiaren aurrean osasunerako bermeak izango dituen ikasturteari hasiera emateko beharrezko baliabideak eta prestakuntza planifikatzeari eta hornitzeari.

2.- Hezkuntzan inbertsio handiagoa egitea (UNESCOk onartutako BPGren % 6ko helburu), gure hezkuntza-sistemaren egiturazko beharrei aurre egiteko eta osasun-krisiaren egoera horri segurtasun- eta osasun-bermeekin eta kalitatezko hezkuntza presentzialari kalterik egin gabe aurre egiteko.

3.- Norabidea aldatzea ratioen politikan. Espazioen, antolaketa-sistemen eta plantilla-gehikuntzen plangintza egitea, egungo ratioak murriztu eta, ondorioz, hezkuntza-kalitatea hobetu ahal izateko.

4.- Itundutako finkatze-prozesu bat, milaka irakasle, hezitzaile, garbiketa eta sukaldeko langile eta hezkuntza publikoko gainerako langile finkatuko dituena.

5.- Zerbitzuen pribatizazioarekin amaitzea

Bide horretatik bakarrik egin ahal izango da egungo pandemia-egoerari erantzun egokia, segurua eta bermatzailea emateko aukera emango duen hezkuntza-sistema bat. Eskaera horiek erantzunik gabe jarraitzen badute, gure esku dauden mekanismo guztiak sustatu eta landu beharko ditugu gainerako sindikatuekin eta hezkuntza-eragileekin, mobilizazioa aktibatzea barne.

Hori dela eta, gastuari eusteko eta murrizketak egiteko politikak alde batera uzteko eskatzen dio ELAk Sailari, baita aldebakartasunaren, inposaketaren eta inprobisazioaren bidea ere. Eta langileen ordezkariekin, oro har, eta batez ere pandemia-egoera bereziaren aurrean, benetako elkarrizketa- eta negoziazio-dinamika bat hasteko eskatzen dio, sindikatuekin lehenbailehen premiazko bilera bat deitzetik hasita.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.