2019-11-08 13:26
Negoziazioan izandako aurrerapausoak behin betiko akordio batekin amaitzeko beharrezko arduraz jokatzeko galdegiten diegu patronalei eta Hezkuntza sailari.

Gaurkoa, azken hiru ikasturtetan egiten den 29. greba eguna da sektorean, eta ikasturte honetako bigarrengoa. Gaurkoan ere greba oso jarraipen zabala izaten ari da, atzokoaren oso antzekoa, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak erabat abusiboak diren arren, zerbitzu minimoak betez, greba egin dezaketenen %75 ingurukoa alegia. Atzo eta gaur, eguerdiko Bilboko manifestazioetan 4.000 langile inguru batu dira, orain dela 10 urtetik eguneratu gabe dituzten lan baldintzen kaskartzearen ondorioz, ikastetxe hauetako langileen artean dagoen nahigabearen islada nabaria.

ELA, STEILAS, CCOO eta LAB sindikatuok bultzatutako elkarrizketarako prozeduraren baitan, aurrerapauso esanguratsuak egon diren arren, oraindik ez dago akordiorik itxita. Bakarrak ez diren arren, egun zailtasun nagusienak birkokapenaren gaian ditugu. Atzo greba deitu dugun sindikatu guztiak, patronala eta Eusko Jaurlaritzaren arteko bilerak izan genituen LHKan, gauerarte luzatu zirenak. Sindikatuok gaur bertan biltzen jarraitzeko prest agertu gara, adostasunetara iristeko aukerak ikusten ditugulako eta edukiak dituen akordio bat dagoelako baldin bada, ez dugulako greba egun bakar bat gehiago egin nahi. Patronal eta Hezkuntza sailak, ordea, denbora bat eskatu ziguten eta ez zuten gaurko bilera bat itxi nahi izan, biltzeko aukera irekita geratu bazen ere.

Kontuan izanda orain dela 4 urtetatik daukagula helarazita bai patronal eta bai Hezkuntza sailari sektoreko langileen birkokapena bermatuko duen planteamendua, uste dugu landuta izan beharko luketela. Hau horrela izanik, ahalik eta azkarren bildu nahi dugu gatazka bideratzeko oinarrizkoak diren gai guztiak ixteko, eta hala adierazi genien patronal eta Hezkuntza sailari.

Akordio baterako eduki nahikorik ez dagoen bitartean, jada deituta daukagun mobilizazio eta greba dinamikarekin jarraitu beste biderik ez digute uzten.

ELA, STEILAS, CCOO eta LAB sindikatuok, patronalari eta bereziki Hezkuntza sailari, bakoitzak dagokion arduraz jokatzeko eskatzen diegu, langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko eduki eta planteamenduak berretsiz.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.