2020-07-09 08:53
Jakina denez, lan-harremanak botere-harremanak dira; eta hortaz enpresaren, sindikatuen eta gobernuen artean erabaki behar dira lan-arloko gaiak negoziazio kolektiboaren bidez, non gobernuek arauak ezartzen dituzten. Jokaleku horretan nor bere botereaz baliatzen da, ikatza bere opilari hurbilduz, nork bere kidegoarendako hobekuntzak bilatuz. Baina Nafarroan gertatzen dena oso bertzelakoa da. Bi alderdik abantailaz jokatzen dute: gobernuak, eta UGT-CCOO sindikatuek.

Gobernuetako zuzendaritza-postuetan dabiltzanak, sarritan, enpresariak edo enpresari ohiak dira; eta beraz gobernu horien xedapenak enpresa handien aldekoa izaten da. Adibidez, Estatu osoko sozietateen gaineko zergarik arinena duen lurraldea Nafarroa da; eta hori gutxi balitz bezala, legealdiaren hasieran oraingo gobernu "aurrerakoi" honek enpresa-ondarearen zerga kendu zuen. Denok dakigunez ongizate-estatua diru publikoaz mantentzen da; eta kutxa horri denok egin behar diogu gure ekarpena, baina enpresen gaineko zergak gutxituz doaz, langileak gehiago estutzearen kontura. Lan-baldintzak ez dira axola, baldin eta enplegua sortzen bada, langileek zergak ordaindu ditzaten. Ingurumena, hezkuntza, osasuna, zerbitzu publikoak azken finean ez dira axola; baldin eta enpresa handiek gero eta etekin gehiago lortzen badituzte, eta enplegua sortzen badute. "Lana behintzat baduzu, ezin zara kexatu".

Bertzalde, UGT eta CCOO gozo bizi dira Nafarroan gizarte-elkarrizketaren diru publikoaren kontura. Afiliatuen kuotak diru-sarrera nahikoa ez direnez, ordezkaritza-mailetan gora egin nahi dute; baina ez plantillen ondoan ibiliz, giza baliabideen departamentuen eskutik baizik.

Hori bera gertatzen ari da Icer Rail-en, non 2018an 10 milioiko etekinak lortu ziren, eta akziodunen artean 3 milioi euro banatu ziren (azken urteotan 800.000 euroko diru-laguntza publikoa jaso du). Enpresa horretako lana gehienbat esku-lana da, pisu handikoa, errepikakorra, lan-karga gehiegizkoa, eta kimika-produktuak erabiltzen diren horietakoa (formaldehido). Gainera, Zuzendaritzak erabaki du bere kabuz 10 minutuko 2 atsedenaldi kentzea, ergonomia-ebaluazioetan atsedenaldi horiek jasota bazeuden ere. Hori guztia dela-eta, lesio muskulueskeletikoak jasateko arriskua oso-oso altua da, eta lan-baldintzak oso gogorrak. Hitzarmenaren 2018ko negoziazioan UGTko ordezkari batzuek eten zituzten elkarrizketak Zuzendaritzaren gehiegizko presioengatik. Hala ere, urte hartako urrian dena aldatu zen. UGTko goi-arduradunen eta enpresa-arduradunen arteko bilera baten ondoren, sindikatuak bere ordezkariak gaitzetsi, sindikatutik kanporatzeko izapideak hasi, eta enpresarekin akordio bat sinatu zuen.

2018ko abenduan hauteskunde sindikalak egin ziren, eta enpresak bere esku zegoen guztia egin zuen UGTren hautagaitza bultzatzeko. Emaitza oso parekoa izan zen, UGTk 5 ordezkari, eta ELAk 4. Geroago, 2019ko urtarrilean, enpresak aldaketa bat egin zuen bosgarren txandan, baina batzordeko kide batek ere ez zuen onartu, eta handik gutxira protestak hasi ziren ekoizpen-atalean. Tamalez UGT prest egon zen berriro Zuzendaritza "erreskatatzeko", eta protestak indargabetzeko, eta azkenean hitzarmen berria sinatu zuen.

Hala ere, akordio hark ez zuen balio izan plantillaren ondoeza lasaitzeko, eta 14 hilabetez baino gehiagoz daramate greba-egunak egiten. Denboran zehar luzatu den borroka horri eusteko ezinbertzekoa izan da ELAren erresistentzia-kutxa.

Zoritxarrez, negoziatzeko eskaintzari Icer-ek ezezkoarekin erantzun dio, eta gainera grebalariak izutzen saiatu da, 12 zehapen eta 3 kaleratze ezarriz. Bidenabar erran behar dugu zigortu edo kaleratu diren langile guztiak ELAko afiliatuak direla; beraz, askatasun sindikalaren aurkako eraso hori auzitara eraman dugu dagoeneko. Orobat deitoratu dugu Nafarroako Gobernuak parterik hartu ez izana. Hala da, Manu Ayerdiren departamentuan badakite zer gertatu den, eta ez da itxurazkoa egonean geratzea horrelako enpresa baten aitzinean, non, euroak milioika irabazi arren, langileak hain baldintza txarretan dauden, eta erantzun bat antolatzen erabakitzen dutenak zigortu eta kaleratzen diren.

Halarik ere, guk eskua luzatzen diegu berriro bai enpresari eta baita Nafarroako Gobernuari ere, enpresa honetako gatazka onbideratzeko asmoz. Oso diru-emaitza onak lortzen dituen enpresa da, baina langileak ezin okerrago tratatzen ditu. Lana bai, baldintza onak ere bai.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.