2021-09-20 10:58
ELAk, UGTk, CGTk eta CCOOk deituta, Atento Bilbao enpresako langileek greba egin dute gaur, etengabe gertatzen ari diren kaleratzeak salatzeko. Eta kontzentrazioa egin dute Bilboko Buenos Aires kaleko Movistarren dendaren aurrean. Izan ere, Movistarren bezeroentzako arreta zerbitzua eskaintzen du enpresak eta iazko urtarriletik hona 51 lagun kaleratu ditu. Salatu dutenez, balantze ekonomikoa ona izan arren, kostuak murrizteko prozesua ari da garatzen Atento; lanpostuak murriztu eta beharginei gero eta lan karga gehiago ematen die.

Gainera, kaleratze masiboei legez ez aurre egiteko iruzurra egiten ari da, modu artifizialean kaleratzeak elkarren artean luzatzen baititu, eta langileen artean baldintza negargarriak ezartzen ditu.

Horregatik erabaki dute langileek protesta egitea: kaleratzeak eta lan baldintzen okertzea salatzeko. Gainera, gogoratu behar da sektore feminizatua dela telemarketingarena, eta prekarizazioa aspaldidanik dago errotuta.

Atentoko langileek mobilizazioei eutsiko diete, enpresak jokamoldez aldatu eta langileekin erantzunkizunez jokatu arte.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.