2020-02-20 17:35
Hilabete askotako gatazka eta negoziaketak eta gero, gehiengo sindikalak sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du gaur.

Garaipen handia da hitzarmen hau, sektorearen arazo propio askori erantzuten diena. Oso sektore prekarizatua da kirolaren sektorea: lanaldi partzialak dira nagusi, behin behineko kontratuak, soldata baxuak, …

Negoziaketa honetara arte ELAk ez du marginik izan negoziazioan benetako eraginik izateko, ez baitzuen gehiengorik. Oraingoan, ordea, sektoreko gehiengo absolutua zuen ELAk, ia %55. Argi genuen, beraz, hau zela unea sektorea iraultzeko.

ELAk hasiera batetik zuen argi negoziazio honi buelta bat eman behar zitzaiola. Azken finean, sektoreko enpresa eta zerbitzu nagusiak administrazioaren (udaletxeen, gehien bat) azpikontratak dira. Hala izanda, administrazioen gain erantzukizuna jartzea beharrezkoa zela argi geneukan, eta ohiko negoziaketa-moldeak ez zirela nahikoak kasu honetan sektoreko beharrei erantzuteko.

Egoera hau aspaldi zuen detektautua ELAk. Eta ildo horretan, azken urteetan zentruko hainbat hitzarmen bultzatu ditugu, oso eduki nabarmenekoak denak: 1592 orduko lanaldia, klaseak prestatzeko orduak, lan-erreformen aurkako klausulak,... Dinamika horrek sektoreko negoziazioaren maila ikaragarri igo du, eta beste testuinguru batean lortuko ez liratekeen edukiak lortu dira: 50 orduko murrizketa lanaldian, 1.200 €*16-ko soldatak, lanaldi partzialak handitzeko hainbat neurri, lan erreformen aurkako blindajea, …

ELAtik sektorea zoriondu nahi dugu egindako borrokagatik eta lortutako garaipenagatik. Egindako greba egunak gabe ezinezkoa izango zatekeen puntu honetararte heltzea. Bereziki zoriondu nahi ditugu otsaileko azken txanpan greban jarraitu duten langile guztiak, gainontzeko sindikatuek mobilizazioak utzi eta gero.

Gainontzeko sindikatuen desmobilizazioak nabarmen eragin du hitzarmen honetan lortu zitezkeen edukietan. Hala ere, azken txanpa horretan mobilizatu diren langile guztiek badute harro egoteko arrazoi asko. Beraiei esker lortu dira, besteak beste, 1.200 €ko soldata garbiak 16 ordainalditan, alde-bakarreko inaplikazioaren aurkako klausula, euskara ikasteko diru-laguntzak, ...

Borrokak merezi du, eta sektore honetan argi geratu da. Lehen aldia da sektoreak halako mobilizazioak egiten dituena, eta hau hasiera baino ez da. Hitzarmena berriz negoziatu beharko da 3 urte barru, eta hazia erein dugu sektoreak lortu ditzan bidean geratu diren edukiak. ELA bidelagun izango du bere lan-baldintzak mobilizazio bidez hobetu nahi dituen eta prekaritatetik atera nahi duen edonork.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.