2020-10-20 11:46
ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, Osakidetzaren azpikontratak diren Garbiketa, Osasun Garraioa eta Sukalde zein Kafetegi zerbitzuetan lan egiten duten langileen ordezkari gisa, hiru greba egun deitu dituzte. Deialdia urriaren 29rako izango da Araban, azaroaren 5erako Gipuzkoan eta azaroaren 12rako Bizkaian.

Langileek bizi duten egoera salatu nahi dute: ez dagoela langile nahikorik; lanpostu hutsak edota aldi baterako ezintasun zein oporrak ez direla ordezkatzen; ez dagoela segurtasun-neurririk; eta, kolektibo batzuetan, soldata-baldintza eskasak daudela. Egiturazko defizit hori areagotu egiten da bizi dugun pandemia egoeran.

Langileek Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete beren erantzukizuna har ditzatela; atzera egin dezatela zerbitzu horiek pribatizatzeko erabakietan, eta zuzenean har ditzatela beren gain, egungo lanpostuei eutsiz eta plantillak handituz, baldintza ekonomiko eta sozialak homologatuz; eta, gainera, alboratu ditzatela beren onura maximizatzen duten enpresa bitartekariak, lan-baldintzak prekarizatu eta herritarren osasuna bezalako oinarrizko zerbitzua hondatzen dabiltzalako.

Egoera larri honen aurrean, greba-deialdietan zein eta aurreko egunetan lantokietan egingo diren kontzentrazioetan parte hartzera deitzen dute sindikatuek. Elkarretaratze horiek urriaren 28an egingo dira Gipuzkoan eta Bizkaian; azaroaren 4an Araban eta Bizkaian, eta azaroaren 11n Gipuzkoan eta Araban.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.