2019-07-04 15:11
Gipuzkoako zahar-etxe eta eguneko zentroetako grebalariek 80 egun greban bete dituzte uztailaren 4ean. Egun horretan bertan hiru egunetako akanpada hasi dute Donostiako Bulevarrean. Haserako ekitaldian, Markel Olanok zuzentzen duen Aldundiari “behingoz dagokion ardura bere gain hartu dezan” eta “arazoari irtenbidea aurkitzea” eskatu diote ELAko ordezkariek. Era honetan, ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin lortutako akordioa bere gain har dezala exijitu diote.

"Aldundiak du gatazka hau konpontzeko eskumena eta gaur egun arte arduragabekeria osoz jokatzen ari da. Duela bi astekoa adibide argiena da, Eusko Jaurlaritzak deituriko bilera batetara, patronalak eta sindikatuak agertu eta Aldundia espreski deitua zegoena ez zen agertu", adierazi dute.

Grebalariek emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala salatu dute. “Argi daukagu zergatik gertatzen ari den hau gatazka honetan, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inongo soldatarik jaso gabe gainera. Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik”.

Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira. 2017an ekin zitzaion negoziazioari, orain dela bi urte; gaur egun, egoera hankaz gora dago.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.