2020-02-27 12:03
Otsailaren 27an, hiru aste betetzen dira Zaldibarreko Verter Recycling-eko zabortegiko luizia gertatu zenetik. Ordutik, bi langile, Alberto eta Joaquin, desagertuta daude. Hori dela eta, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek mobilizazioa egingo dute gaur, otsailaren 27an, Ermua eta Ermuako biribilgunean, arratsaldeko 18:30ean.

Istripua gertatu zenetik, etengabeak izan dira langile eta herritarrek egindako mobilizazioak, bertan gertatutakoa argitzea eta langileak eta osasuna erdigunean jartzeko eskatuz. Sindikatuen arabera, bi desagertutakoen bilaketa ez da lehentasuna izaten ari Jaurlaritzarentzat eta Zaldibarren lanean ari diren langileen osasuna ere ez dago bermatuta sindikatuok astelehenean bertatik bertara ikusi genuen moduan. Beste behin, ikusi dugu Jaurlaritza eta Urkullu ahaztu egin direla langileez. Hau dela eta, mobilizazioekin jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute, “Zaldibar argitu” lemapean egiten ari direnetan parte hartzeko deia eginez.

Gaineratu dute lanean hildakoen odolusteak ez duela etenik. Bi hilabete ere ez dira pasatu urtea hasi zenetik eta honezkero 13 dira Hego Euskal Herrian lanean hildako langileak, eta 2 Zaldibarren desagertutakoak. Azken astean, 2 izan dira lanean hildako langileak. Lanetik bizirik eta osasunez bueltatzeko eskubidea aldarrikatu dute eta neurri eraginkorrak eskatu dizkiete administrazioei egoera honen aurrean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.