2020-06-03 16:49
Martxoaren 13an COVID-19k sortutako Osasun Alarmaren adierazpenaren ondorioz aurreikusitako kontzentrazioak bertan behera utzi ondoren, ekainak 3, ELA-LAB-UGT eta CCOO sindikatuak berriro bildu dira Arabako erresidentzietako langileentzako eta asistentzia-ereduarentzako baldintza duinak aldarrikatzeko. “Osasun krisian zehar erresidentzia pribatuetan bizi izan den egoerak argi utzi du funtsezko zerbitzua garela”.

Osasun krisi honetan zehar, langileek birusaren kontra borrokatu dute, zerbitzuak eskainiz euren osasunerako eta artatzen dituzten pertsonen osasunerako bermerik gabe: EPIrik eza, ratio nahikorik ez, protokoloen ez-betetzea, aldez aurretik jakinarazitako ikuskapenak... Horixe izan da egunerokotasuna egoitzetan. Maiatzera arte ez diete testik egin sektoreko langileei. “Nola zaindu behar genituen gure adinekoak baliabiderik gabe? Ezin izan dugu populaziorik ahulena babestu. Haietako zenbat egongo lirateke bizirik sektore hau goraldian dagoen negozioa izango ez balitz? Noiz onartuko dugu garrantzitsuena euren ongizatea dela eta erabiltzaile guztiak direla kategoria berekoak?” Egoera honek agerian utzi du une honetan Arabako egoitzetan dagoen zaintza ereduaren gaineko hausnarketa beharrezkoa dela. Izan ere, pandemian zehar haren zaurgarritasuna antzeman ahal izan da.

Ia hiru hilabetetan zehar lantoki bakoitzean birusaren kontra borrokatu ostean, erresidentzietako langileek inoiz baino gehiago uste dute erabiltzaileen eta euren zaintzaileen bizi-baldintza hobeak defenditzeko beharra dagoela. Horregatik guztiagatik, kalera itzuliko dira, Arabako egoitzen sektorearentzat bidezko hitzarmena aldarrikatzeko. “Gure adinekoek merezi duten arretaren kalitatea lortzeko gure lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da. Pandemian zehar, hiru lurralde historikoetako datuak aztertuz gero, emaitzak hausnarketa eragin beharko luke: lan-baldintza hobeak = kutsatu kopuru txikiagoa eta hildako gutxiago erresidentzietan”.

Urte erdi baino gehiago igaro da patronalak negoziazioak hasteko eratzeko konpromisoa hartu zuenetik, eta ez dago horren berririk. Eta urtebete baino gehiago daramate exijitzen Aldundiak eta enpresek Arabako Egoitzen I. Hitzarmen Probintziala negozia dezaten, Arabako erresidentzietako langileen lan-baldintzak inguruko lurraldeetako baldintzak baino askoz okerragoak baitira.

Emilio Solá Gizarte Gaietako diputatuak berak, maiatzaren 12an egindako elkarrizketa batean, Arabako egoitza-eredua aldatzeko beharraz hitz egin zuen. Baina, errealitatean, Arabako egoitza-eredua kudeaketa publikokoa dela azpimarratzen jarraitzen badu ere, Aldundiaren mendeko hurrengo egoitza gizarte-ekimeneko kooperatiba batek kudeatuko du, eta Arabako egoitza-plazen % 65 enpresa pribatuek kudeatzen dituzte, irabazi-asmoekin. Beraz, argi dago helburu ekonomikoak beti duela lehentasuna asistentziaren kalitatearen gainetik.

Sektoreko langileok uste dute “nahikoa denbora igaro dela hitz onetatik ekintzetara pasatzeko”. Erakundeei eta patronalari exijitzen diete Arabako Egoitzen I. Hitzarmen Probintzialean inplikatu eta negoziatzera eser daitezela. Era berean, eskatzen dute arreta zuzeneko ratioen hobekuntza erreala, sektoreko profesionalak ahaztuak eta aitortu gabe sentitzen baitira.

“Ez gara geldituko sektore honetarako hitzarmen duin bat lortu arte, herritarrentzat funtsezkoa dela erakutsi baitu”.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.