2019-10-25 11:20
ELA, STEILAS, CCOO eta LAB sindikatuek hilabeteko grebaren deialdia erregistratu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. Azaroaren 7tik abenduaren 5era arte joango da greba berri hori, EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetan. Greba-deialdia erregistratzea ezinbestekoa zen, epeak direla-eta, grebaren legezkotasuna ziurtatzeko. Dena dela, greba egiteko aukera hori LHKan, datorren astelehenean, egingo den bileraren menpe dago, bilera horretan eta adierazitako datetan aurrerapen nabaririk ematen diren edo ez diren ematen arabera; baina edonola ere sindikatuen negoziazio-borondatea ez da aldatu, beti bezalakoa da.

Familien kezka ulertuz sindikatuak akordioetara iristeko prest agertu dira, baldin eta gatazkari irtenbide bat eman diezaioketen eta eman behar dioten eragile guztien inplikazioa bermatzen bada (patronalak eta Eusko Jaurlaritza), eta grebari uko egitea aurretiazko baldintza gisa planteatzen ez bada.

Alde horretatik, ELAk, Steilasek, CCOOk eta LABek adierazi dute datorren astelehenean LHKn egingo duten bilerara elkarrizketetan aurrera egiteko prozedura-proposamen bat eramango dutela; izan ere, sindikatuen ustez PRECOren akordioak ez du gatazka hori konpontzeko formula egokirik jasotzen. Eta, aldi berean, zera ziurtatu dute: patronalek eta Hezkuntza Sailak behar bezalako erantzukizunez jardungo balute, eta lan-aldarrikapenen neurriko edukiak eta planteamenduak lantzeko eta bultzatzeko prest baleude, alderdi guztientzako akordio egoki bat lortu daiteke. "Bestela, grebekin jarraitzera behartuko gaituzte" ohartarazi dute.

ELAk, STEILASek, CCOOk eta LABek erabateko arduragabekeriatzat jo dute orain arte sektoreko patronalek zein administrazioak izan duten jarrera antinegoziatzailea, ulertzen duten hizkera bakarra grebarena dela ziurtatuz. "Hori agerian geratu da berriro joan den ikasturteko azken lanuztetik bost hilabete igaro direnean, bitarte horretan ez patronalak, ez Hezkuntza Sailak, ez dute urratsik egin, hilabeteko greba berri bat iragarri dugun arte" berretsi dute.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.