2019-10-15 12:14
Azaroaren 7tik abenduaren 5era greba egongo da EAEko Itunpeko Irakaskuntzan; tarte horretan akordioa lortu ezean grebek eta mobilizazioek jarraituko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Itunpeko Irakaskuntzan ordezkaritzaren %97a duten ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuetako ordezkariek agerraldia publikoa egin dute sektorean hilabeteko greba egingo duela iragartzeko. Greba azaroaren 7an hasiko da, eta abenduaren 5ean amaituko da.

ELAk Itunpeko Irakaskuntzan duen arduradun Miren Zubizarretak azpimarratzen duenez, bost hilabete igaro dira iragan ikasturteko azken greba eguna egin zenetik, eta tarte honetan patronalek ez dute inolako aurrerapauso edo mugimendurik egin. Gainera, hezkuntza sistemaren arduradun den Hezkuntza Sailaren jarrera ere salatu du, ez baitute gatazka hau konpontzeko inolako urratsik eman.

“Sektoreko langileok hamar urte daramatzagu Lan Hitzarmena berritu gabe. Hamaika bilera eta saiakeraren ostean 2017ko azaroan mahaitik altxatu beste aukerarik ez ziguten utzi. Denbora honetan, besteak beste 27 greba egun egin ditugu, bi ikasturtetan sakabanaturik. Hala ere, sektoreko patronalek ez dute langileen eskaerei erantzuteko eta gatazkari irtenbide bat bilatzeko inolako ahaleginik egin. Badakite zeintzuk diren gure aldarrikapenak, beti agertu gara negoziatzeko prest. Zintzoki aritu gara beti, eta uste dut gure eskaerak erabat neurtuak direla. Gainera, beti erakutsi dugu malgutasun handia gure planteamenduetan”.

Hau guztiagatik, Zubizarretak argi du langileek ez dutela mobilizaziora jotzeko beste biderik. “Patronala eta Hezkuntza Saila soilik mugitu dira, gutxi bada ere, mobilizazio dinamika indartu denean. Patronalak greba deialdiak ez negoziatzeko aitzakia gisa erabili izan ditu, ‘mehatxupean’ ez zutela negoziatuko argudiatuz. Bost hilabete pasa dira azken greba deialditik, eta mahai negoziatzailera ez dute inolako aurrerapausorik eraman euren proposamenean. Langileok akordio batetara heltzeko borondate irmoa dugu; zoritxarrez ez dut ikusten jarrera hori ez patronaletan ez eta Hezkuntza Sailean”.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak

Enplegua:

  • Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

  • Eroste-ahalmena berreskuratzea.
  • 1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

  • Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
  • Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
  • Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea.

  • Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte
  • Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.